martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Ez digute fidatzen uzten

2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Kontuan hartuta, Vicent, informatikarekin daukazun harreman estua eta aspaldikoa, interesgarria litzateke denbora pixka bat dedikatzea boto elektronikoaren auziari.

Azken urteotan erabat biluzteko joera hartu dugu: ezer ez da sekretua, dena erakusten dugu sare sozialetan, gure penak kontatzen ditugu telebistetako platoetan, edozein enpresari ematen dizkiogu gure kontu korrontearen eta kreditu txartelaren zenbakiak, sarean egindako erosketen bidez gure apeten berri jakitea errazten diegu, kamerek grabatzen gaituzte leku guztietan, sakelakoaren bidez gure geolokalizazioa dakite... Dena.

Dena, boto elektronikoa salbu. Hor ez dugu amore ematen. Gaur egun informatikak hartu duen garapenaren aurretikoa da boto elektronikoaren saiakera, baina, aurreratu dugun guztia gorabehera, mundu osoan zazpi estatutan bakarrik bozka liteke elektronikaren bidez: AEBak (konderri batzuetan), Belgika, Brasil, Estonia, India, Filipinak eta Venezuela.

Adierazgarria da, agerian uzten duelako dauzkagun sekretuetan estimatuenetako bat gure botoa dela, eta era berean adierazten duelako, demokrazia batean egonda ere, administrazio publikoak ezin duela gainetik kendu sekretu horretara iristeko eduki ditzakeen gaitasuna eta tentazioa.

Formula mistoa ere ez da posible, alegia, nahi duenak betiko boto paperaren bidez, eta elektronikoa nahi duenak pantailaren bidez, ordenagailutik edo sakelakotik.

Segurtasun berme guztien berri emango digute, baina ez gara fidatzen. Ez da harritzekoa Franco hil zenetik Espainian izan diren Barne ministroen zerrenda ikusita: Fraga, Martin Villa, Barrionuevo, Corcuera, Mayor Oreja, Rajoy, Acebes, Rubalcaba, Fernandez Diez...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.