Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Galizieraz bizitzeko borroka

2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Palamosko katalan batek, Tolosako euskaldun batek edo Redondelako galiziar batek dituen eskubideak ez dira Almendralejoko, Dioslaguardeko edo Pozo del Tio Raimundoko espainiar batek dituen berak. Bigarren taldekoek aukera dute urteko 365 egunetan beren hizkuntza propioan bizitzeko, hezkuntza beren hizkuntzan jasotzeko eta administrazioekin belaunaldiz belaunaldi oinordekotzan hartu duten hizkuntzan aritzeko. Lehen taldekook, ordea, ezin gara gure hizkuntzan aritu bizitza sozialaren arlo askotan, eta, hori dela eta, hizkuntza hori modu arruntean erabiltzea zera bihurtu da, legediak babestutako supremazismo espainolistaren kontrako borroka egunerokoa.

Horren erakusgarri da estatuko gobernua tramitatzen ari den Ikus-entzunezkoen Legeak nola mugatzen duen katalanaren, euskararen eta galizieraren erabilera. Sanchezen gobernuaren proposamenak Amazon Prime, HBO Max eta Netflixen moduko plataformen programaziotik kanpo utzi ditu hiru hizkuntza horiek, eta ezarri du egoitza soziala Espainiako Estatuan duten konpainien ekoizpenen %6k soilik izan beharko dutela hizkuntza horietan. Estatuko agintariak gaztelania ez beste hizkuntzetarako gutxieneko ehuneko bat ezartzera konprometitu ondoren iritsi da proposamen hori, eta Galiziako Parlamentuak aho batez onartu ondoren herri ekinaldi legegile bat, 35.000 sinadura baino gehiago bildu dituena, legeak «aitor dezan pluraltasun linguistikoa oinarrizko printzipio gisa, eta berdindu ditzan galizierazko eta gaztelaniazko edukiak eta gutxieneko ehunekoak».

Desberdinkeria linguistikoa finkatuta dago Espainiako lege egituran. 1978ko konstituzioak, hain zuzen katalana, euskara eta galiziera baztertzea babesten duten indarrek abenduaren 6an omenduko duten horrek, ezartzen du estatuko biztanle guztiek dutela gaztelaniaz jakiteko eskubidea eta betebeharra, baina ez du behar hori ezartzen beste hizkuntza ofizialetarako.

Desberdinkeria hori agerian geratu zen 1986ko uztailean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak galizieraren aurkako epaia eman zuenean Domingo Garcia-Sabellek bultzatutako errekurtso baten harira. Francisco Rodriguezek 70eko hamarkadaren bukaeran argitaratutako saiakera soziolinguistiko goraipatu bat parafraseatuz, hori da Espainiako Konstituzioaren filosofia linguistikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.