martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Elkartasuna ordainean

2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Nola aldatzen diren ustekabean egoerak, Vicent. Duela hamabost urte, Euskaldunon Egunkaria itxi eta gutxira Katalunian egin nuen lehen biretako batean, elkarrizketa bat egin zidan Txell Bonet kazetariak Ona Catalana irratian. Jordi Cuixart Omniumeko lehendakari espetxeratuaren bikotekidea da Bonet, eta ostegun honetan moderatzeko gonbidapena jaso nuen mahai inguru batean egin nuen topo berarekin, Bonet hizlari.

Hamabost urtean, aurkezle izatetik aurkeztua izatera pasatu da Bonet, galderak egitetik erantzunak ematera, elkartasuna eskaintzetik hartzera. Bonetekin batera, Laura Masvidalek osatu zuen Kataluniako ordezkaritza errepresaliatuen mahaian. Masvidal, Kataluniako Generalitateko Barne kontseilari espetxeratu Joaquim Fornen bikotekidea da. Euskal Herririk, Bel Pozueta eta Edurne Goikoetxea, Altsasuko bi presoren amak. Eta azalpen juridikoak emateko, Amaia Izko, belaunaldi berriko penalista. Biharamunean Gasteizen errepikatu zuten mahaia.

Aretoa gainezka zegoen, aspaldi ikusi ez dugun moduan, garaia baitzen hamarkadetan katalanek eman diguzuen elkartasuna zuei ordainean eskaintzeko. Mahai inguruaren izenburuak zioen bezala, errepresio beraren bi aurpegi dira Altsasuko eta Kataluniako presoak, hartaraino, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Lamela epailea izan zela Altsasuko auziaren eta Kataluniako prozesuaren instrukzioak eraman zituena.

Ez zen aurreneko aldia mahaiko kideak elkarrekin zeudena, eta haien arteko konplizitate naturala erraz zabaldu zen aretoan zeudenean artean. Erresistentzia handiak daude estatu aparatuetan sor litezkeen arazoak bide hizketatuaren bidez konpontzeko. Joera horrek irauten duen bitartean, ezinbestekoa izango da estrategia hori pairatzen dugunon arteko elkartasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.