Arrauna. Kontxako Bandera

«Barrurakoa, desastre hutsa»

Kontxako Bandera hirugarrenez irabazi eta biharamunean, Nadeth Agirrek, Orioko patroiak, mingain puntan zeukan autokritika. Irabazleek ezinbestekoa duten bereizgarri hori.

Orioko arraunlariak eta Patxi Frances entrenatzailea igandean, banderarekin, arrapalan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Iazko udazkenean, ez zen asko falta izan Orio patroirik gabe geratzeko. Zalantzekin ibili zen Nadeth Agirre (Orio, Gipuzkoa, 1993), urteetan herriko traineruaren gobernua eraman eta gero. Egoera hori ekarri zion gogora herenegun Xanti Zabaletak, iaz arte entrenatzaile izan zuenak: «Gogorarazi dit nola ibili nintzen zalantza handiekin, eta pozten dela baiezkoa eman nuelako».

Baiezko horren barruan jarri ditu patroiak uda honetako garaipen handiak: Euskotren liga, eta Kontxako Bandera. Hirugarrena du igandekoa. Eta baiezko haren olatuaren aparretan, beste baiezko bat eman die klubari eta taldeari: «Kontxa jokatu aurretik esan nuen segitu egingo dudala. Inoiz baino garbiago daukat baiezkoa. Gozatu egin dut aurten».

Oriok patroia izango du aurrerantzean ere. Eta taldea izan zenaren, orain izan denaren, eta datorren denboraldian izango denaren zutabe sendoetako bat izango da. Talde bat ez baita hutsetik hasten, ez bada sortu berri-berria. Hori kontatu zuen Agirrek atzo Donostian, sari banaketa batean. Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteak aurten ere bosna mila euro eman dizkie Kontxako lehen bi talde gipuzkoarrei: Oriori eta Donostiarrari. Agirrek lotzen ditu lehengoa eta oraingoa: «Xantiren eran sortutako eta hazitako taldea gara, eta harengatik gaude hemen. Gure sakrifizioa eta gu garena eman dizkiogu taldeari». Oinarri sendoagorik ez da egongo iaztik aldaketak egin behar izan dituen talde batean.

Joan ziren Oriora arraunlari berriak, iaz ez zeudenak, eta zeudenengandik ikasi dute zer den Orio, eta nola lan egiten duten denboraldi osoan. Obra eraberrituari Patxi Francesek ere eman dio berea, entrenatzaile berriak. Gogoan izan du patroiak: «Ilusioa egin dit Patxik bandera hau irabazteak».

Lan egiteko modu horren barruan, ezaugarri asko daude. Autoexijentzia da bat. Eskatu, eskatu eta eskatu. Perfekzioaren bila. Ederki erakusten du atzo Agirrek esandakoak, bezperan loriaren gozoa dastatu zuen badiari begira: «Barrurakoa desastre hutsa izan zen. Kanporakoa gozatu egin genuen, baina buelta, ai buelta...». Eskakizunaren beste adibide bat: «Pena da udako azken estropadan lan ona ez egitea».

Baina kontu horiek gorde egingo ditu, aurrerago lantzeko. Datorren urtean, kasurako: «Ikasgaia izango da». Ikasi beharrekoa zehaztu du: «Ziabogan aurretik ginenez, ahalik eta azkarren bukatu nahi izan genuen estropada, eta presaka aritu ginen. Neskei esan nien bukatuko zenean bukatuko zela, baina ezin».

Aldarrikapen mezua

Bandera irabazi, jaso, taldean ospatu, eta iritsi zitzaien herritarrekin ospatzeko tartea. «Aurten, oinez ibili gara banderarekin, herritarren artean. Aurreko urteetan, kamioi baten gainean ibili ginen, eta aparte sentitzen genituen zaleak». Kontxako 35. Bandera eman diete oriotarrei Agirrek eta. Aldarrikatu egin du hori: «Herriak bereizi egiten dituela mutilenak eta neskenak? Denetarik dago. Urtez urte ari gara irabazten. Badaude nesken aldekoak ez direnak, baina hor konpon».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.