Aurkari zaila da Real Madril. Munduko onentsuena da, eta parean egokitzen zaion txapelketa irabazteko hautagaia da ia beti. Haren zelaian ariko da gaur iluntzean Reala. Santiago Bernabeuko lanen zamaren jakitun daude txuri-urdinak. Donostiarren orain arteko sasoi ona hobetu duten talde apurretako bat da Real Madril; hala adierazten du sailkapenak.
Alabaina, bi punturen aldea besterik ez dago bi kluben artean, eta hura irauli egin nahi du Realak. Estatistika historikoei begiratuta, lantegi zaila dirudi horrek. Berrienei erreparatuta, ordea, bada esperantzarako ate bat: 2019an bi partida jokatu dituzte elkarren aurka, eta Realak irabazi ditu biak. Hirugarren kolpea jo nahi du gaur.
Emari oparo horretatik edaten segitu nahi dute Imanol Alguacilenek. Hain justu, prestatzaile oriotarrak Santiago Bernabeun irabazita ekin zion Realeko entrenatzaile gisa hasitako bere bigarren aldiari. Urtarrilaren 6an izan zen: 0-2. Etxetik kanpo eskuratutako urrezko garaipen hura berriztea du xede Imanolek, baina badaki horretarako asko izerditu beharko dutela: «Partidako momentu onak aprobetxatu beharko ditugu, eta atzean eta aurrean ondo aritu, eta nagusi izan».
Selekzioen partidek eragindako geldialdiaren aurretik jokatutako azken partidan kale egin zuen Realak, Anoetan Leganesekin bana berdinduta, eta zapore mingots hura kentzeko abagunea izango du gaur Real Madrilen zelaian. Hiru puntuek «berdin» balio dutela ohartarazi du Imanolek, baina zehaztu du zenbait tokitan «gehixeago» kostatzen dela emaitza ona lortzea: «Estadio guztiak dira garrantzitsuak, eta beti izaten da irabazteko nahia. Gertatzen dena da estadio batzuetan oso talde indartsuak egoten direla, eta zailagoa dela haiei aurrea hartzea. Haietako bat Real Madril da».
Sasoiko dago aurkaria
Urte hasieran Bernabeun irabazi izanagatik ere, Imanolek esan du «partida ezberdina» izango dela gaurkoa, eta etxekoen «sasoi onaz» ohartarazi du: «Bost partida daramatza galdu gabe. Hamabost gol sartu ditu, eta alerik jaso ez. Agerikoa da ondo dagoela; ez da erraza Eibarren aurka Ipuruan egin zutenaren moduko partida bat egitea».
Neurketa «zaila» izanagatik, «konbentzituta» dago irabaz dezaketela. Horretarako, berreskuratu egin ditu min hartuta egondako bi jokalari: Mikel Merino eta Martin Odegaard. Ondo bidean, hasieratik jokatzeko moduan izango dira biak. Haien beharra izango du Realak beste kolpe bat jo eta Real Madril hirugarren aldiz jarraian mendean hartzeko.
REAL MADRIL-REALA
Real Madril. Courtois; Carvajal, Varane, Sergio Ramos, Marcelo; Casemiro, Kroos, Valverde; Rodrygo, Benzema eta Hazard.
Reala. Remiro; Zaldua, Aritz Elustondo, Llorente, Monreal; Zubeldia, Merino, Odegaard; Portu, Willian Jose eta Oiartzabal.
Epailea. Gil Manzano.
Lekua. Santiago Bernabeu (81.044 ikusle).
Ordua. 21:00 (Movistar Partidazo).
Hirugarren kolpea jo nahi du
Real Madrilen aurkako bolada onarekin segitu nahi du Realak, gaur Bernabeun irabazita. Merino eta Odegaard osatuta daude, eta Imanolek deialdian sartu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu