Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Indultuak, segun eta norentzat

2021eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Bertze behin, Auzitegi Gorenak agerian utzi du Espainiako Estatuaren kalitate demokratiko eskasa, non frankismoaren oinordekoek agintean segitzen duten. Kataluniako presoen indultuari ezezkoa eman izana justifikatzeko, erakunde jurisdikzional horrek adierazi du presoek «irizpide antidemokratikoak» defendatu zituztela, eta, procés subiranistari zegokionez, ez zutela «neutraltasun demokratikoz» jokatu. Martxelo, Vicent, ba ote da Gorena bera baino gauza antidemokratiko eta alderdikoiagorik?

Ez dezagun ahantz Gorena —orain, justizia aplikatu beharrean, politika eginez jostatzen ari den auzitegi hori bera—, Antonio Tejero kolpistari indultua ematearen alde agertu zela bere garaian. Beharbada, Kongresura pistola eskuan sartzea eta herritarren ordezkariak izutzeko tiro egitea ez da gaitzesgarria; bai, ordea, hautetsontziak paratzea eta herri batek zilegitasun osoz iritzia emateko erreferendum bat egitea. Espainiak Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen inguruan sortutako esperpentoaren bertze erakusgarri bat baizik ez da hori.

Bertze adibide bat da Jose Barrionuevo Barne ministro ohiarekin eta Rafael Vera estatu idazkari izandakoarekin gertaturikoa; biak ala biak Felipe Gonzalezen gobernuan aritu ziren, eta GALen ekintzengatik zigortu zituzten. Azkenean, Aznarrek indultu partziala eman zien. Denetara, 10.000 indultu baino gehiago eman dira, era guzietako delituak leporatzen zaizkien pertsonei, eta, zerrenda luze horretan, ustelkeriagatik zigortutakoak dira nagusi. 1996tik gaur arte, Espainiako gobernuek ustelkeriarekin lotutako 227 indultu eman dituzte. Ustelkeria ez da gauza negatibotzat hartzen; herri batek autodeterminazio eskubidea gauzatu nahi izatea, aldiz, bai.

Yak-42aren auzia ere aipatu beharra dago: Espainiako hegazkin militar batek istripua izan eta 75 lagun hil ziren. Osasun arloko komandanteei urte eta erdiko kartzela zigorra eta urte bateko inhabilitazio berezia ezarri zieten, istripuan hildako 30 lagunen identifikazioa faltsutzeagatik. Mariano Rajoyren gobernuak zigorraren zati bat barkatu zien, eta, halaber, Espainiako armadan jarrai zezaten utzi.

Indultuak, segun eta norentzat diren...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.