Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Next Generation: boteretsuen alde

2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent, pentsatzen dut zuek ere ez zaituztela harritu. Apirilaren 16an erran nizuen, zuei eta gure irakurle estimatuei, baldintza zorrotzak bete beharko zirela Next Generation funtsak jasotzeko, eta funtsok Europako Batzordearen zaintzapean egonen zirela. «Hain justu horrexegatik iradoki dute pentsioen kontrarreforma bat egitea», azpimarratu nuen. Artikulu horretan bertan Troika hemen da berriz zuen izena, hauxe baieztatu nuen: «Bruselaren aholkuen uberan doa neurri hori, eta, haren ondorioz, are gehiago apalduko litzateke pentsio publikoen erosahalmena. Egin diren planteamenduek kutsu neoliberala dute, eta negozio pribatuari atea zabaltzea dute helburu».

Aski izan zen zazpi hilabete igarotzea Europako Batzordeak zalantza guziak argitu zitzan. Sanchezen gobernuak Next Generation programako laguntzak eskuratze aldera Europako Batasuneko agintariekin sinatu zuen memoriaren arabera, Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu du pentsioak kalkulatzeko erabiltzen den epea handitzeko: 25 izan beharrean, 35 urte hartuko dituzte kontuan, eta horrek nabarmen txikituko du erretiratuen erosahalmena (%6 inguru).

Pentsioen sistema berria zera da, Europako Batzordeak hain gustuko dituen politika neoliberalekin bat egiten duen bertze neurri bat, eta Alderdi Sozialistaren eta Unidas Podemosen koalizio gobernuak beretzat dauka, gainera. Haatik, eduki jakina alde batera utzirik ere, erakusten du zer norabide hartuko den datozen urteetan politika ekonomikoari dagokionez, eta agerian utzi zer ondorio ekarriko dituen egiatan Next Generation programak. EB Europako Batasunak berriz ere baliatu du 2008tik aitzinera finantza erakunde pribatuak salbatzeko aplikatutako plana. Next Generation erreskate plan masibo bat da, diru publikoa erabiliz talde ekonomiko handiak salbatzeko egina. Herritarren eskubideen bizkar bermatu nahi dituzte korporazio handien etekinak. Heldu diren asteetan jakinen dugu zer bertze neurri biltzen dituen Bruselak ezarri eta Madrilek onarturiko agenda horrek.

Austeritatea, murrizketak eta barneko balio galera Europako Batasunaren kode genetikoaren parte dira. Herritarrei dagokie erabakitzea politika horiek aitzinera eginen duten, eliteek eta haien gobernuek erabakitakoari jarraikiz, edo, alderantziz, bertzelako bide bat irekiko ote den, gehiengoaren mesedetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.