Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Eskuak gora!

2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Galiziako langileen erosahalmena behera egiten ari da etengabe azken hamarkadan. Nós Diario-n aste honetan jaso dugunez, unitateko lan kostu erreala negatiboa izan da; 2010etik, ekitaldi guztietan izan da hala, 2018an eta 2019an izan ezik. 2020an, soldatak %5,6 txikitu ziren. Tarte horretan, lan errentak txikitu egin ziren kapital errenten aldean, BPGaren %48 baitziren 2009an, eta %46,4 2020an. Horra, Vicent eta Martxelo, Alberto Nuñez Feijooren politikek ekarri dutenaren erakusgarri argi bat: desberdinkeria areagotu egin da. Horrenbeste, ezen Espainiako Estatuan berdintasunik handiena duten erkidegoetan laugarrena izateari utzi eta desberdinkeriarik handiena dutenetan bederatzigarrena baita orain Galizia.

Tentsio inflazionistak ohikoak izango dira etorkizunean. Argindarra %1.025 garestitu da azken urtean, teknologia hidraulikoak bultzatuta; elektrizitatea sortzeko modurik garestiena izan zen hori martxoaren 8an, gasaren gainetik. Beste horrenbeste gertatu da hidrokarburoekin: gasolina %40,29 garestitu da azken ekitaldian, eta arrantzaren sektorerako gasolio berezien prezioa %58,8 handitu da martxoaren 1aren eta 10aren artean. Prezioen garestitzeak zuzen-zuzenean eragiten dio erosahalmenari: diruak gutxiago balio du kontsumo ondasunak garestiagoak direlako, eta, hortaz, sorgin gurpil bat sortzen da. Hala, egoera hau kanpo eta barne faktore zenbaiti egotzita, multinazional handiak izugarri hobetzen ari dira emaitzak, eta sektore batzuetan inoiz baino irabazi handiagoak izan dituzte. Hala gertatu da enpresa hidroelektrikoetan, esaterako: martxoaren 8ko tarte batzuetan %10.000ko irabaziak izan zituzten, argindarraren prezioak zehazten dituen eredu marginalistari esker, hain zuzen Europako Batasunak 1996an estatu kide guztiei ezarri zien horri esker.

Eta, jokaleku horretan, hainbat enpresa handi ekoizpenean etenaldiak egiten ari direla eta arrantza flota lehorrean geratzekotan dela, Feijoo zeinak txalotu egin baitu Gaztela eta Leongo gobernua ultraeskuinarekin eratu izana telepresidentetzan ari da. Telemedikuntza ezarri eta osasungintzan guardia fisikoak ordezkatzeko eredu birtual bat iragarri ondoren, orain telefono bidezko presidentetzaren alde egin du, hauteskunde kanpaina dela-eta Espainiako Estatuan egiten ari den bira bukatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.