martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Begiratzea ere galarazi nahi?

2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Estatus berezi bat eduki dugu hamarkadetan kazetaritzan gabiltzanok, gutxienez, demokrazia elektoraletan. Berezitasun hori ondoen irudikatzen duen eskubidea, era laburrean esanda, iturrien berri ez emateko eskubidea da. Badaukagu beste eskubide bat, kazetari ez diren herritarrek ere badutena, alegia, plaza publikoan gertatzen ari dena ikustea. Horrela esanda, ez du ematen oso pentsamendu sakona.

Auzia da biek herritarrak eta kazetariak ikusten dutela plazan zer gertatzen ari den, eta, oraintsu arte, kazetaria izan dela ikusitakoa jendeari azaltzeko tresna eduki duen bakarra: kazetaritza. Aste honetan, Vicent, zuk aspaldi ezagutzen duzun Argia aldizkariko kazetari batek, Lander Arbelaitzek, bi ertzainek salatuta, epailearen aurrera joan behar izan du deklaratzera, ertzain horien irudiak grabatu zituelako, ertzain horiek kalean herritar bat identifikatzen ari zirela. Irudi horiek sarean argitaratu zituelako jarri dute haren aurkako salaketa.

Ezaguna da, orokorrean, poliziak estatu bat direla estatuaren barruan, eta sekulako presioak egiten dizkietela agintariei herritarren eskubideak murritz ditzaten. Espainiako mozal legearen testua, esate baterako, poliziaren nahiak asetzeko dago pentsatuta, herritarren oinarrizko eskubideak urratzeko. Nola da posible kazetari bati galarazi nahi izatea denon begi aurrean gertatzen ari dena jaso eta zabaltzea? Zer da bestela kazetaritza, hori ez bada?

Zuen herrian, Balear uharteetan, duela gutxi gertatutakoa are larriagoa da. Epaile batek bi kazetariri agindu zien beren sakelakoak emateko poliziari, kazetariak jorratzen ari ziren informazioaren eztarri sakona nor zen jakiteko. Aurreneko aldia da gure inguru zabalean horrelako kasu bat ikusten dudana.

Grabatu eta zabaldu bakarrik ez, begiratzea ere debekatu digute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.