martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Faktoreen ordena

2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Matematikaz batere ez dakigunon ahotan askotan entzuten den adierazpidea da faktoreen ordenak ez duela emaitza aldatzen. Baliteke horrela izatea matematiketan, baina ez politikan. Nafarroa dugu horren adibide.

Ondorio bera dauka herrialde horretako alkateak eta gobernuko lehendakaria aukeratzeko egutegian lehendabizi lehendakaria aukeratzea eta gero alkateak, edo, alderantziz, lehendabizi alkateak eta gero lehendakaria?

Egutegian lehenbizi alkateak aukeratu behar dira, eta gero, lehendakaria. Iruñeko udal hauteskundeetan Navarra Sumak irabazi zuen, 13 zinegotzirekin (UPN, PP eta Ciudadanos); bigarrena izan zen orain arte alkatetzan egon den EH Bildu, zazpirekin; PSNk bost lortu zituen, eta Geroa Baik, bi. Iruñeko alkatea eskuinekoa izango ez bada, emaitzen arabera, Asiron EH Bildukoak izan beharko luke, PSNren eta Geroa Bairen botoekin. Nafarroako sozialistek esan dute ez dutela inolaz ere alkate egingo Asiron.

Nafarroako Parlamentuko hauteskundeetan ere Navarra Sumak irabazi zuen, baina, Iruñeko udalean ez bezala, sozialistak izan dira bigarren, eta, atzetik, Geroa Bai eta EH Bildu. Emaitzak ezagutu bezain azkar, Txibite hautagai sozialistak esan zuen gobernu aurrerazalea osatuko zuela Nafarroako lehendakaria izendatuz gero. Horretarako ia modu bakarra EH Bildu abstenitzea da.

Ustekaberik ez badago, Nafarroako lehendakaria uztailean edo abuztuan aukeratuko dute, larunbat honetan Iruñeko alkatea hautatu eta hainbat astetara. Iruñeko alkatea EH Bildukoa izan dadin laguntzeko prest ez dauden sozialistek EH Bilduren abstentzioa behar dute lehendakaria Txibite izan dadin.

Eragiketa matematiko-politikoaren emaitza bera izango litzateke lehendabizi EH Bilduk erraztuko balu Txibite sozialista Nafarroako lehendakaria izatea, eta gero eskatzea sozialistei, ordainean, botoa Asiron alkategaiari ematea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.