martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Sakoneko jokaldia?

2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Ez du oso lasai egon behar Espainiako presidente Pedro Sanchezek aste honetako bozketaren emaitzarekin, eta are gutxiago bozketa horrek orain arteko kanpo babesean sortu duen arrakalarekin. Politikan ezer ez dela betiko dioen esaldiaren espiritua orain ere beteko den esperantzarekin azaldu beharko die Sanchezek ezkerreko boto emaileei aste honetan egin duen satelite jiraketa.

Aurrekoetan egin izan duen bezala, satelitearen seinalea ondo ikusten ez denean, Pablo Iglesias teknikoa bidaliko du maparen eskuinaren goi partera, hango etxeetan dauzkalako Sanchezek arazorik handienak seinale ona harrapatzeko orduan. Arazoa, askotan jazotzen den legez, ez baitago hartzailean, emisorean baizik.

Horrela egin zuen atzera bota zizkioten 2019ko aurrekontuen aurrenegoziazioan: Iglesias bidali zuen kartzelara Oriol Junquerasekin negoziatzera. Eta horrela egin zuen Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioan: Iglesiasek berak deitu zion Carles Puigdemonti bere alderdiak mozioaren alde egin zezan. Bigarrengo gestioa ondo atera zitzaion, aurrenekoa ez.

Iglesiasen alderdian, baina Kataluniako adarrean batik bat, gero eta zurigaitzago egiten ari zaie azaltzea zergatik segitzen duten Sanchezi babesa ematen. Sanchezek, Charles de Gaulle gogoan, iradokitzen duen «edo ni edo kaosa» indarra galtzen ari da.

Podemeko ezinegon horren erakusgarri, pertsonalki asko estimatzen dudan Jaume Asensen estualdia kongresuan ERCkoei azaldu zienean ERCn ere bi arima daudela, nazionala eta soziala. Ez zekien nola atera Ciudadanosekin ituna egin zuen Sanchezek sartu dituen atakatik. Iglesiasen jokabideak Sanchezi babesa emateko justifikazioa dauka, ezkerreko itunak irauten badu. Ez Ciudadanos tartean bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.