martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Putreak Mobile gainean

2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Usain txarra du Mobilerekin Bartzelonan gertatu denak. Era guztietako kongresuak eta bilkurak ari dira egiten egunotan Europan, eta antolatzaileek ez dute, koronabirusarengatik, bertan behera uzteko erabakia hartu. Esango nuke, Vicent, eztabaidarik ere ez dela egon ekitaldi horiek egin aurreko egunetan. Utzi al dio inork Londresera joateari Londresen erdi-erdian auzo txinatar bat dagoelako? Eta bat baino gehiago izango dira Londrestik Txinara eta Txinatik Londresera asteotan ibili direnak.

Mobilera Txina eta inguruko herrialdeetatik parte hartzaile asko datorrela izan liteke benetako arrazoia horrenbeste enpresak uko egiteko parte hartzeari teknologia horietan munduan dagoen erakusleiho handienetako batean? Probabilitate indizea kontuan hartuta, egia da kutsatzaile potentzial handiagoa dela Txinatik datorrena, Norvegiatik datorrena baino, koronabirusak jotako herritar gehiago dagoelako Txinan Norvegian baino. Baina, benetan, zer aukera dago Norvegiatik joandako hori Bartzelonan kutsatzeko? Oso-oso-oso txikia; inolaz ere justifikatzen ez duena Bartzelonako Mobile Batzarrarekin gertatu dena.

Bada kontzeptu bat, beldurraren birusa, egunotan asko erabili dena, eta oso era argian azaltzen duena jazo dena. Albiste horiek komunikabideotan hartzen duten lehentasunak eta intentsitateak alarmismo saihetsezina sortzen dute, eta, horren eraginez, azkarrago hedatzen da beldurraren birusa, benetako birusa baino. Bizitzaren beste alor askotan gertatzen den legez, zaila dago erdibidea non dagoen asmatzea, irtenbidea ezin delako izan ostrukarena egitea, eta ezer gertatu ez balitz bezala jardutea.

Zabiltzate erne katalanak Mobileri eusteko orduan, putre asko ikusten delako egunotan Bartzelona gainean hegan, zaldia noiz hilko zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.