martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Mahaiaren neurria

2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Hizketaldi politikoetan asko aipatzen da azkenaldi honetan Kataluniako Gobernuak eta Espainiakoak osatu berri duten mahaiak zer eman lezakeen. Zuenean bezala, denetarik topa dezakezu, Vicent, gure herrian, oso modu baikorrean ikusten dutenak alde batean, eta batere sinesten ez dutenak bestean; eta tartean, kolore paletetan legez, kolore askotako konbinazioak.

Aldeak alde, badago halako kontsentsu moduko bat mahaiaren emaitzen egutegiaz, hau da, eduki handiko akordioetara iristeko denbora luzea beharko dela. Gauza materialekin hasi, adosten errazagoak direlako, eta eduki politiko nagusia —konponbide adostu bat gatazkari irteera topatzeko—, gerorako utzi.

Faktoreen ordena edozein dela, denbora asko izango dugu mahaiaren bi aldeei tenperatura hartzeko, eguneroko jardunak emango dizkigulako nahiko adierazle alde bakoitza noraino iristeko prest dagoen ikusteko. Aste honetan eduki dugu mahaiaren Espainiako aldetik pista bat eman digun jokabide bat. Espainiako Kongresuan gertatu zen diputatu jeltzale Josune Gorospek Carolina Darias Espainiako Lurralde Politikako ministroari galdetu zionean zer egitasmo zeukan Espainiako administrazioak gure herrian dauzkan langile publikoak euskalduntzeko.

Sozialistaren erantzuna PPko batek eman zezakeen igual-igual, hitz bakar bat bera ere aldatu gabe; euskara meritu izan litekeela lanpostu publikoa lortzeko orduan, baina ez derrigorrezkoa. Ahoa bete nazioaniztasun ibili zen Sanchez presidente espainiarra duela hilabete batzuk, eta ikusi dugu orain noraino heltzen den katalanak ez diren sozialisten nazioaniztasuna.

Komeni da ez ahaztea hizkuntzaren eskumena blindatzea izan litekeela mahaian Sanchezek katalanei egingo dien eskaintzetako bat. Sinetsi beharko!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.