begona del teso
IRITZIA

Zaldi bat sutan Fisterran edo 'slow' zinemaren delizia

2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Pandemiak eta Etxe Barruko Arrastatzeak zera irakatsi digute, nire irudiko: usadiozko, ohiko, betiko aretoak zinema supermerkatuak, zeluloide merkataritza guneak diren era berean, gure egongeletako pantailak etxe ondoko, izkinako irudiaren denda edo boutique preziatutzat jotzen hasi beharko genukeela. Benetan diot.

Hainbat plataforma finetan aurkitzen dituzun izenburuak komertzio delicatessen direlako, horietan baino ez genituzke inoiz, inon topatuko.

Gure hirietako aretoetako aukerak, salbuespenak salbuespen, jakina, ez du sekula negozioak, merkatuak, publizitateak ezarritako mugen gainetik hegan egiten ez egingo. Ez baitu hegan egiteko libertaterik. Alta, plataformarik delikatuenetan eskura, begietara dituzun hainbat pelikulak ez dituzte diruak jarritako baldintzak ez onartzen, ez betetzen. Nahiz eta zigorra nolakoa den ederki jakin: isolamendua.

Baldin bada slow food mugimendua. Baldin bada slow fashion joera. Baldin bada slow life tentazioa. Nahi badugu gure burua benetako jan-gauzez elikatu, hautua egin badugu fast fashion-aren kontra; horrelako bizi-eremuetan (pandemia aurretik, inkluso) mugitzen hasita bagara, orain beste pauso bat eman beharko genuke nire aburuz: slow zinemaren aldekoa, guk bilatutako horren alde, estreinaldi handien basoko adar artean itotzeko, galtzeko zorian daudenen defentsan. Gure defentsa, irabazle, bizipozaz, zinemak berriro sorgindurik aterako baikara gure gain hartutako zeluloidezko deliberamendu horretatik.

Gure etxe barruko delicatessen horietan baino, non aurki genezake Finisterrae bezalako extravaganza harrigarria? Sergio Caballerok egina da. Aspaldikoa, hamar urte ditu begiak eta belarriak bete lilura eta espantu miresgarri utziko dizkizuen atrebentzia honek.

Sergio ez da, berez, zinema zuzendaria. Sonar musika jaialdi abangoardiakoaren sortzaileetako bat dugu. Musika elektronikoko konpositorea, artista kontzeptuala. Probokaziozalea, umore basaren defendatzailea. Teknologiaren erabileraren aldekoa, muturretan ibiltzen den antzerkian eskarmentu itzela jaso duen izakia.

Antzekoak ditu lagunak, kideak, konplizeak. Esaterako, 2008an hil zen Jordi Benito eskultorea. Edo Jon Cagerekin eta Joan Brossarekin lan egina zen Carles Santos piano jotzailea.

Horrelako bizitza eta arte curriculumarekin, ulertuko duzue Sergioren Finisterrae ez dela, slow zinema-rekiko ituna odolez sinatua ez baduzue, erraz eta non-nahi ikusi ahalko zenuketen filma. Ez horixe. Bi mamu ditugu pantailan. Donejakue bidea hartu nahi duten bi fantasma galtzaile. Han, lurra amaitzen omen den hartan, gogaitzen dituen bizi-herio-eternitatearen zamatik libratzeko esperantza eroaz.

Bi mamu. Sergioren alaba 7 urtekoaren aholkua jarraituz, tradizioak beti erakutsi izan dizkigun horietakoak, izara zuriz jantzitakoak. Ohikoak, bai. Bata zaldi gainean. Oinez bestea. Errusieraz mintzatzen dira. Doinu gozo, eztitsu, kantariaz tindaturiko errusieraz. Zirikatzaile amorratua, sarean duzuen hamalau minutuko solasaldi ezin ez galduzko ez ordainduzko batean, Sergiok dio ez zaiola batere gustatzen ez espainolaren ez katalanaren soinua. Ogia erosteko ondo daude biak, baina ez pelikula batean berba egiteko. Are gutxiago aktoreak hizketan entzuteko...

Beraz, horra hor Donejakue bidean dauden bi mamu ibiltari, abenturazale, erromes. Beti hausnarketa xelebreetarako prest. Beti pertsonaia arraroekin (bai gizakiak, bai animaliak, bai auskalo zein infernutatik ateratako izakiak) topo eta hitz egiten duten bi mamu, izara zuriez tapaturik. Paisaia elurtuetan blai, plastikozko erizain eskalapoiak oinetan.

Abere disekatuekin hizketan. Aldi berean gezurrezkoa eta benetakoa den zaldi baten gainean. Tarkovski bera eta Turner bera etorriko zaizkizue burura. Absurdoa da dena, baina izugarrizko edertasun poetikoa dario. Ipuina da. Badira printzesa bihurtzen diren igelak eta printze adeitsuak. Badira leizeak, bada botafumeiro Compostelakoa. Bada, gu Fisterrara ailegatzerakoan, hondartzan suak harturik den zaldia, Jordi Benitok aspaldian sortu zuen bera. Hain artisau eraz maneiatua, ezen burua mugiarazteko garbigailu baten motorra erabiltzen zen. Antzokietan kamera aurrean bezala.

Finisterrae ez duzue topatuko ez baldin bazarete orain arte izenik ez bazuen ere, izana egundokoa duen slow zinemaren tentazioan erortzen. Tentazio arras interaktiboa. Fast zinemak dena ematen dizu eskura, ahora. Hemen ez. Hemen zuk zeuk egin beharko duzu ikertzaile, esploratzaile lana, bazter ezezagunetan barna ibiliz.

Horrela bakarrik egingo duzu beste aurkikuntza baliotsua, distira ederki, mimoz amatatua duen Toni Bestarden Pullman. Mallorcako fisterrae guztietan gertatzen den kontaketa samin-goxoa. Txikia da. Hauskorra da. Bere zineman eta gidoian hainbat zalantza ditu. Batzuk konpondu gabe geratuko dira filma finitu orduko. Baina ez du inporta, baduelako nortasun sendoa, baduelako anbizio zilegi hainbat. Baduelako bere pertsonaiekiko konpromiso irmoa.

Ez ahaztu, nire irudiko, COVID-19ak hartu beharreko bidea eta erritmoa erakutsi dizkigu. Ez egin beti dantza estreinaldi erraldoien besoetan. Zabiltzate (ibil gaitezen denok) emeki, pausatuki, bilaketari tinko eutsiz, slow zinemaren martxa egokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.