Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Madrilez ari gara

2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Madrilez ari garenean, botere bloke jakin bati buruz mintzo gara: Espainiako Estatuko gainerako herriei ebatsitakoaren gainean eraikitako blokeari buruz, hiriburutzaren pribilegioez baliatu den blokeari buruz. Enpresa talde handiek osatzen dute, eta, hain zuzen, talde horiek probetxua ateratzen diote Madrilen mesederako —eta penintsulako bertze errealitate batzuen kalterako— sortutako eredu ekonomikoari. Haien irabaziak komunikazio sistema erradial baten menpe daude: Espainiako hiriburua da gauza guzien hasiera eta bukaera; enpresa talde horien emaitzen kontuek bertze lurraldeetako baliabideen esplotazioa dute oinarri, eta laguntza publikoek baizik ez diete bermatzen iraupena. Azken batean, inolako ekarpenik egiten ez duen elite bat da, botere aparatuekin bat egiten duena: Errege Etxearekin, batetik; Justizia administrazioarekin, bestetik; eta gobernuaren inguruko hainbat sektorerekin, azkenik.

Egungo estatu ereduaren barne etsaitzat hartu dituzte mugimendu abertzaleak, Galizia, Euskal Herria eta Katalunia; horrek gainditu egiten du ohiko argumentu logika, eta desberdina kriminalizatzera jotzen du; preseski, logika horren bidez eragotzi egin nahi dituzte praktikan statu quo nagusia zalantzan paratzen duten gertaera bakanak, gizartea zinez demokratizatzeko bide ematen dutenak. Madril desagertu eginen litzateke Katalunia edo Galiziaren laguntzarik gabe; izan ere, Kataluniatik dator Espainiako barne produktu gordinaren %20 baino gehiago, eta Galiziak elektrizitatez hornitzen du Madril, dohainik.

Madrilgo azken argazkia ondorio politiko garrantzitsuen ispilu da, hauteskundeetako gertakizunetatik haratago. Baieztatzen du eskuineko gobernuek iraultza kultural bat sustatu dutela hainbat hamarkadaz Madrilen, hango herritarrak Espainiako Estatuko erreakzionarioenak bilakatzeraino; hala erakusten dute adierazle soziologiko ia guziek. Halaber, frogatzen du Espainiako ezkerrak porrot egin duela, uko egin ondotik bai antolatzeari, hau da, aukeraren bat edo beste izan zezakeen alternatiba bat sortzeari, eta bai borroka ideologikoa egiteari. Ideologia programa bihurtzen da, eta, herriarekin bat egiten duenean, aldaketarako indar gisa funtzionatzen du. Programarik eta proiekturik gabeko ezker ez-ideologikoak eskuinaren menpeko gisa jokatzen du, eta galtzaile izanen da, ezinbertzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.