Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Linguizidioa

2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Adiskide estimatuok, oraintsu egindako ikerketa baten berri emango dizuet gaur. Haren arabera, irakaskuntzak efektu desgalegotzaile latza du haurrengan, txiki-txikiak direnetik. Galiziako Errege Akademiak egin du ikerlana (RAG), Amesko Udalarekin elkarlanean oraingoan —Santiago de Compostelatik hurbil dagoen herri bat da Ames—, eta agerian utzi du zer-nolako kaltea egin dion Feixoo Galiziako Xuntara iristean onartu zen eleaniztasun dekretuak gure herrialdeko berezko hizkuntzari. Emaitzak kezkagarriak dira: Bigarren Hezkuntzan, ikasleen %11 baino ez dira galego hiztunak; beste %11 elebidunak dira, eta %77, gaztelania hiztunak.

RAGek ohartarazi du ezen errelebo linguistiko hori, gaztelaniak galegoa ordezkatzekoa, lehenbiziko urteetan hasten dela eta nerabezaroan sendotzen. Hain zuzen, adierazi du2-3 urte dituztenean oraindik gehiago areagotzen direla espainiera jotzeko prozesuak, 6-7 bete arte.

Txostena egin dutenek diote eskolako giroa ez dela «adiskidetsua» Galiziako bertako hizkuntzarentzat, eta, are, «etsaitasunezkoa» dela. Irakaskuntzak, azaldu dutenez, «atzera eginarazten» die ikasleei komunikazio hizkuntza gisa galiziera erabiltzeko orduan, eta «ez du errazten, era berean, gaztelania hiztunek konpetentzia horiek barneratzea». Hain tristea da panorama, ezen Bigarren Hezkuntzako ikasleen %50ek baino gehiagok adierazi baitute ez direla eroso sentitzen jendaurrean galegoz aritu behar badute. Eta datu horiek aurrez aipatutakoei gehitu behar zaizkie: ikasle gaztelania hiztunen %35 nekez aritzen dira galizieraz, eta DBHko ikasleen %70 espainieraz soilik mintzo dira beti, edo ahal dela.

Feixook ondotxo daki herri bat deuseztatzeko ez dagoela hura modu biologikoan triskatu beharrik, nahikoa dela haren identitatea sarraskitzea, eta, horregatik, boterea hartu zuen urtean, 79/2010 dekretua onartu zuen, eleaniztasunarena. Eufemismo horren gerizpean, galiziera zikiratzeko arau bat aurkeztu zuen, hain zikiratzailea non irakasleei debekatu egin baitzien ikasgai zientifiko-teknologikoak berezko hizkuntzan ematea eta ia hutsera ezereztu baitzuen galiziera Haur Hezkuntzan. Nola lortu zuen halakorik? Bada, FAESek diktatutako diskurtso ideologiko bat erabiliz, galegoa gaztelaniaren gainetik inposatzen delako uste faltsuan oinarrituz, eta gaztelania hiztunen eskubideak urratzen direlako ideia orobat faltsua baliatuz.

Guk ederki dakigu zein den konponbidea: murgiltze linguistikoa ezartzea irakaskuntzan. Ez da beste biderik, galiziera hiltzea nahi ez badugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.