Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Berrogei urte parlamentuan

2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Badira berrogei urte Galiziako Parlamentuak lehen saioa egin zuela. Estatutuari esker sortu zen legebiltzar hori, eta 1980ko abenduaren 21ean onartu zen estatutua, bozketaren bultzatzaileek nahi ez bezalako emaitza izan baitzen erreferendumean. 1.558.674 galiziar etxean geratu ziren, hautesleen %71,74, eta 614.218 lagunek eman zuten botoa, %28,26ko parte hartzea. Estatuko indarrek eta Alderdi Galegistak egin zuten testu haren alde, eta ia organizazio nazionalista guztiek kontra. Azkenean, 450.566 boto emailek eman zioten baiezkoa, hau da, boto eskubidea zuten galegoen %20,73k, eta 121.448k eman zuten ezezko botoa.

Prozesu autonomikoa herrenka abiatu zen, halakoxe estatusa eman baitzioten estatuko alderdi handiek beren diseinuan Galiziari, eta legitimitatea falta baitzitzaion. Kataluniako Gobernua eta Jaurlaritza 1977. urtearen erdialdean eta 1978. urtearen hasieran berrezarri zituzten, eta engaiamendu demokratiko ezin sendoagoko bi pertsona jarri zituzten haien buru: Josep Tarradellas erbesteratua, batetik, eta diktadurak preso edukitako bat, Ramon Rubial, bestetik. Galiziari, ordea, 1978ko martxoaren 16ra arte ez zion eman estatuko gobernuak preautonomia, Aragoiri eta Valentziari baino egun bat lehenago. Antonio Roson izan zen presidentea, hau da, garai bateko falangista bat, Ancares eskualdean izandako errepresioarekin zerikusia izandakoa, diktaduran Lugoko Diputazioko presidentea izana, eta gorte frankistetako kidea.

Estatutuak ez zituen gogobete Galiziako gizartearen parte baten nahiak, batez ere nazionalistenak, eta diputatu nazionalistak egotzi egin zituzten parlamentutik 1982an, atzerako eraginez, leialtasuna agindu ez dutelako. Gainera, eskuinak erakunde autonomikoetan izandako monopolioak eragotzi egin zuen instituzio horiek garatzea, eta eskualdatu gabe geratu ziren estatutuan jasotako eskumen esklusibo batzuk. Feijooren hamabi urteko gobernualdian, ez da eskumen bakar bat ere iritsi, eta PPk uko egiten dio, oraindik ere, estatutua aldatzeari, biko gobernuak hasi eta parlamentuko oposizioak eskatutako bide horretatik. Hori bai: PPk ez zuen dudarik izan ganberako batzar areto bati Antonio Rosonen izena jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.