Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Nork bozkatzen du PPren alde?

2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Gehiengo zabala du PPk Galiziako Legebiltzarrean. 1981etik, parlamenturako hauteskunde guztiak irabazi ditu, baina ez ditu emaitza berberak izan estatuko eta udaletako bozetan; izan ere, hiriguneetako eta biztanlegune nagusietako udal hauteskundeetan, gaina hartu zioten indar nazionalistek eta ezkerrekoek, guztira bildu zituzten botoak zenbatuz gero. Azken hauteskunde erregistro horretako azken argazkiak, hain zuzen, herrialdeko hiri nagusietatik, udalerri handietatik eta lau diputazioetatik kanpo utzi ditu PPkoak.

Emaitza horiek egiturazko zenbait faktoreren eta arrazoi koiuntural batzuen ondorio dira. Horien artean nabarmena da Galiziako hauteskunde legea bera, eta eserlekuak barrutien arabera banatzeko modua: eskuinak gobernutik bultzatutako formula bat da, Ourenseri eta Lugori ordezkaritza handiagoa emateko pentsatua, biztanle gutxieneko bi lurralde horietan lortzen baitu PPk botoen ehunekorik onenak. Barruti bakarreko hauteskunde arau bat balego, oso bestela osatua legoke Galiziako Parlamentua.

Botere egituraren funtzionamenduarekin lotuta dago PPren hegemonia. Batetik, mesedegarria zaie kanpoko talde ekonomikoei eta burges bitartekarien sektoreei, zeinen negozioa arlo publikoaren faboreen mende baitago hein handi batean. Bestetik, ideologia sortzeko mekanismoak kontrolatzen ditu: bereziki, hedabide publikoak instrumentalizatzen ditu, eta pribatu asko eta asko Xuntaren aurrekontuen menpe daude. Azkenik, PPren egituraren ezaugarria da gizartean oso presente dagoela, sendo antolatuta, eta leku guztietara erraz iristen den diskurtso jario bat daukala.

Eskuina, bere borroka ideologikoan, ez da berdin aritzen Galizian eta estatuaren gainerakoan. Feijook politika neoliberala darabil ekonomian eta zerbitzu publikoetan, baina inolako erreparorik gabe bihurtu du osasun publikoaren defentsa bere diskurtsoaren ardatzetako bat. Horrez gainera, herrialdearen historian sekula izan ez den bezalako linguizidio batean dihardu, baina, aldi berean, identitate sinbolo izendatua du galiziera. Laburbilduz: eskuineko praktika espainiartzaile bat dauka, diskurtso galegozale eta zentratu batekin uztartua, zentralismoarekin oso kritikoa den eta ezkerrerantz lerratua dagoen gizarte batentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.