Eurokopa. Gales

Beste mirari baten bila

Gareth Bale. PETER POWEL / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Zerua ukitu zuen Galesek aurreko Eurokopan: ez zuen irabazi, baina lehen parte hartzean finalaurrekoetara iristea inork espero ez zuen balentria izan zen. Bada, bost urte geroago, halakoren bat egiten saiatuko da berriro. Lehen erronka Italiaren atzetik A multzoko talderik indartsuena izatea da. Hobe du hirugarren postua saihestea, geroko bidea samurragoa izan dadin. Horretarako, baina, Eurokopara bidean piztutako zalantzak uxatu beharko ditu. Izan ere, kostata lortu zuen sailkatzea maila nahiko apaleko multzo batean; puntu bakarrera gelditu zitzaion Eslovakia, eta bira Hungaria.

Gareth Baleren inguruan egiten du jira talde honek, orain dela bost urtekoak bezala. Tarte horretan, ordea, gainbehera etorri da hegalekoa: Real Madrilen zokoratuta gelditu zen, eta Tottenhamen ez da erabat suspertu. Hori bai, on egin dio Jose Mourinhok alde egin izanak, eta sasoia txukun finitu du: bost gol egin ditu azken bost neurketetan. Gainera, jakina da Galesko selekzioa dela bere lehentasuna, Sailkapena ospatzean garbi utzi zuen legez.

Harekin batera, Aaron Ramsey eta Daniel James dira jokalaririk ezagunenak. Bata elitean ondo finkatuta dago, eta bestea lehen urratsak egiten ari da. Jamesek aurten 26 lehia jokatu ditu Manchester Uniteden, eta nazioarteko erakusleihoa beste koska bat igotzeko baliatu nahi du, Robert Pageren agindupean. Sailkapena Ryan Giggsekin lortu zuen Galesek, baina kargutik kendu zuten hura, genero indarkeria egotzi baitzioten. Hala, Pagek izango du dragoi gorriak zuzentzeko ardura Eurokopan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.