martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Presidente ohien jokabidea

2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Komunikabideetako lehen orrialdera itzuli da asteon Artur Mas Kataluniako presidente ohia, kaleratu berri duen Cap Fred, Cor Calent liburuaren (Burua hotz, bihotza bero) bultzadaren ondorioz.

Liburu oro bezala hori ere irakurria izan dadin idatzita dagoenez gero, salmentaren sustapenean buru-belarri sartuta dago Mas. Prozesuari buruzko gogoeta egiten duen liburuaren kaleratze data oso ondo pentsatuta dago, duela astebete bukatu baitzitzaion 2014an A-9ko galdeketa antolatzeagatik Kataluniako Auzitegi Nagusiak ezarri zion bi urteko inhabilitazio zigorra.

Hori gutxi balitz bezala, arazoari irtenbidea bilatzea helburua daukan mahai politikoa abiatu da, eta Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak aurki izan litezke. Ongarri ezin hobea Kataluniako lurrean Masen itzulera interesgarri eta galderaz betetakoarentzat.

Masen kasuak balio dit galdera bat egiteko geure buruari politikaren figura berezi batez: lehendakari ohiez. Bi eratakoak daude nagusiki: behin kargua utzita indarrean dagoen gobernua bakean uzten dutenak, eta, bestetik, aukerarik galtzen ez dutenak iritzia emanez eragiteko eta zeharka agintzeko. Nago ni bizitzaren beste esparru askotan ere, bi ohien tipologia errepikatzen dela, izan harreman pertsonaletan, lanekoetan...

Gure herrian Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe, Patxi Lopez lehendakariek gerra gutxi eman izan diete ondorengoei. Jarrera berekoa da Jose Montilla zuenean. Espainian, aitzitik, Felipe Gonzalez eta Jose Maria Aznar etengabe ari dira lezioak ematen ondorengo presidenteei. Bazter batean uzten den «Txinako loreontzia» adiera asmatu zuen Gonzalezek, irudikatzeko zein izan behar zuen presidente ohien funtzioak. Ez alferrik. Ez da isiltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.