Albistea entzun

«Molde ezberdinekoak dira»

Realak eta Alavesek gaur jokatuko duten derbian Alex Remiro eta Fernando Pacheco izango dira bi taldeetako atezainak, hurrenez hurren. Haien jarduna aztertu du Juanjo Valencia teknikariak.
Alex Remiro Realeko atezaina baloia jotzen.
Alex Remiro Realeko atezaina baloia jotzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ander De la Hoz -

2021eko otsailak 21

Astea joan, astea etorri, norbere taldearen hamaikakoan izan ohi dira Alex Remiro (Cascante, Nafarroa, 1995) eta Fernando Pacheco (Obando, Espainia, 1992) atezainak. Biek pixkanaka lortu dute Realaren eta Alavesen atepean ezartzea, baina, egun, haiek dira beren taldeen zaindari nagusiak.

Haien jardunari gertutik erreparatzen dio Juanjo Valencia (Donostia, 1971) atezain ohi eta egun teknikari denak. Valenciaren esanetan, «atezain onak» dira Pacheco eta Remiro, «molde ezberdinekoak» izanagatik. Orain arteko ibilbidea da bien arteko bereizgarri nagusia: «Pachecok urteak daramatza Alaveseko atean, eta jada utzi du arrasto bat taldean. Remiro, berriz, orain ari da bide hori egiten».

Alavesekoa ondo egonkortua dago arabarren atean. Ez alferrik, Pachecok zazpigarren sasoia du Gasteizen, eta Remirok bigarrena du Donostian. Valenciaren esanetan, Remirok «zalantzati» ekin zion Realeko aldiari, baina pixkanaka hartu dio neurria Anoetako ateari. Joan zen ostegunean Manchester Uniteden aurka jokatutakoa jarri du adibide Valenciak:«Jokaldi jakin batzuk kenduta, ondo aritu zen».

Aldiz, Pacheco «oso bat» hautematen du egun Eivissan (Herrialde Katalanak) teknikari lanetan ari den donostiarrak: «Eginagoa dago. Lehen Mailan badu esperientzia bat, eta alderdi teknikoan ere ondo moldatzen da».

Remirorengan «ilusioa handia» daukate ezarrita Realaren jirakoek, eta hori ez da harritzekoa, Valenciaren esanetan: «Etorkizunera begirako atezaina da, nahiz dagoeneko bere maila ona agerian utzi duen». Horren adibide gisa aipatu ditu zenbait ezaugarri; tartean, oinekin jokatzeko duen gaitasuna: «Realaren jokoa antolatzeko orduan badu garrantzi bat; baloia atzetik ateratzerako orduan, bereziki. Esango nuke hori dela haren indargune nagusia».

Valenciak beste batzuk ere ekarri ditu hizpidera. Esaterako, haren gorpuzkerak «segurtasuna eta patxada» eskaintzen dituela dio. Aldiz, aireko jokoan eta defentsako jardunean zer hobetua ikusten dio Valenciak, nahiz eta hori egun egiten ari den bilakaeraren barruan kokatzen duen: «Denbora behar da horretarako, eta urte asko ditu aurretik oraindik».

Bide hori egina du Pachecok, eta Alavesen ikurretako bat da: «Klubari ondo atxikia dago, eta horrek lasaitasuna ematen dio taldeari. Berme bat da, bai taldekideentzat, baita zaleentzat ere». Arlo teknikoari dagokionez, ondorengoa nabarmendu du: «Atepean ondo eta buruz burukoan bereziki ondo moldatzen den atezain bat da».

«Ez daude bi atezain berdin», eta horren adibide dira Pacheco eta Remiro. Haatik, norbere taldeetan gako dira biak, atezain postuak bai baitu ezaugarri hori, berez. Iritzi horrekin bat dator Valencia; Athleticeko jokalari ohiak azaldu du futbolaren bilakaerak berak beste rol bat jokatzera behartu dituela atezainak: «Pieza garrantzitsua da egungo futbolean. Lehen, defentsako lanera mugatzen zen, eta, orain, joko orokorrean du zeresana, baita erasokoan ere».

Joko estiloen eragina

Talde bakoitzaren «metodologiak» atezainei aritzeko modu bat edo beste ezartzen die, eta Realak eta Alavesek badute aldea horretan. Valenciaren arabera, arlo taktikoa lantzen da horietan, eta Realaren atezainak garrantzi handiagoa du halakoetan.

Talde bakoitzaren aldarteak ere eragina izan du biek jaso dituzten golen kopuruan; 23 partida jokatu dituzte Pachecok eta Remirok: 34 jaso ditu lehenak, eta 20 bigarrenak. Bien arteko ezberdintasunak are nabarmenagoak dira ibilbideari dagokionez. Real Madriletik aterata, Pachecok zuzenean hartu zuen Alavesen ostatu. Athleticetik Levantera eta Huescara utzita joan zen Remiro.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Miguel Artxanko 'Osasuna auziko' epaiketan. ©Jesus Diges/ EFE

Osasunako lehendakari ohi Miguel Artxanko inputatu dute, enbargoa eragozteko dohaintzak egiteagatik

Ainhoa Larretxea Agirre

Artxankorekin batera, haren emaztea eta bi semeak ere inputatu dituzte. 'Osasuna auziko' enbargoei ihes egiteko dohaintzak egitea leporatzen diete. 

 ©JUANJO MARTN / EFE

Realak berdindu egin du Real Madrilen zelaian, azkenera arte irabazten joan eta gero

Jon Ander De la Hoz

Realak berdindu egin du Real Madrilen zelaian, irabazten joan eta gero. Txuri-urdinek 54. minutuan lortu dute aldea; etxekoek 88. minutuan orekatu dute partida

Laboral Kutxa Masterreko bikoteak eta antolatzaileak, atzo, Bilboko Euskal Museoan eginiko aurkezpenean. ©M. RAMIREZ / FOKU

Pilota mistoko binakako master laburra jokatuko dute, mistoko eta gozoko luzeen ordez

Julen Etxeberria

Osasun egoerak hala behartuta, pilota mistoko binakako master laburra jokatuko dute mistoko eta gozoko binakako luzea jokatu beharrean

Zamudio, Euskaltelen egoitza, taldeen aurkezpena. ©Oskar Matxin Edesa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.