Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

O-23aren ebidentziak

2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Otsailaren 23ko estatu kolpearen 40. urteurrenak soka luzea ekarri du: operazio politiko bat izan zen, helburu zuena konstituzioaren testua blindatzea, monarkia legitimatzea, prozesu autonomikoari mugak jartzea, eta hausturarako alternatiba bat defendatzen zuten indar politikoak joko zelaitik kanpo uztea.

Nazioarteko politikari dagokionez, badakigu zer ondorio izan zituen: nabarmen egin zion mesede logika atlantistan gehiago integratzeko asmoari, eta hori argi utzi zuen Espainiako Estatua berehala NATOn sartu izanak. Estatu politikari dagokionez, bide eman zion lege sorta birzentralizatzaile eta zapaltzaile bati: horren adibiderik argienak dira LOAPA Proiektu Autonomikoaren Harmonizaziorako Lege Organikoa; salbuespen, setio eta alarma egoerak erregulatzeko lehen arauak; eta Konstituzioaren Defentsarako Legea, matxinada delituak modu penalean tipifikatzen dituena.

O-23aren motibazioek antz handia izan zuten azken 170 urteetako kolpe saioekin. Hortxe dago Pavia jeneralaren kasua: 1874ko urtarrilaren 3an Kongresua okupatu zuenI. Errepublikak norabide federala hartu zuenean. Edo Primo de Riveraren altxamendua, Alfontso XIII.aren aginduz egina: 1923ko irailaren 13ko gauean jo zuten kolpea, «separatismoari» galga jartzea helburu, nazionalista katalan, galiziar eta euskaldunek Hiruko Aliantza sinatu eta hurrengo egunean. Sanjurjo jeneralak ere antzeko tesia defendatu zuen 1932ko abuztuaren 10ean, II. Errepublikaren kontra matxinatu zenean Kataluniari nolabaiteko autonomia eman izanari erantzuteko. 1936ko uztailaren 18koa ere antzekoa da Gorteetan Galiziako Estatutua aurkeztu eta bi egunera izan zen, eta 40 urteko diktadura bat ekarri zuen.

Franco hil ostean, erreforma operazioaren garaipena sendotu egin zen, eta O-23aren programa politikoak indarrean segitzen du. Garaian garaiko indar politikoen artean beti egon den eta oraindik dagoen kontsentsu zabalak elikatu egin zuen inboluzio demokratikoa, eta inboluzio hori aurrera doa oraindik ere. Noiz arte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.