Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Izan edo ez izan

2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Galizia politikoak bor-bor diraki hotz hasi berri den azaro honetan. Joan den larunbatean, PSdeG alderdiak hauteskunde primarioak egin zituen, eta, prozesu lehiatu baten ostean, Valentin Gonzalez Formoso hautatu zuten idazkari nagusi, Gonzalo Caballeroren ordezko, zeina PSdeGk Galiziako Xuntarako presidentegai aurkeztu baitzuen 2020ko uztailean. Gonzalez Formoso, As Pontesko Udaleko alkatea eta Coruñako Diputazioko presidentea, norabide aldaketa sakon bat prestatzen ari da alderdian, Galiziako hauteskundeetan sozialdemokraten alderdia abandonatu zuten boto emaileekin konektatzearren.

Bihar, azaroak 6, Bloke Nazionalista Galiziarraren txanda izango da, XVII. Biltzar Nazionala egingo baitu, helburu bat agerian: beren oinarri soziala handitzea, eta erakundea prestatzea hiru urteren buruan Galizia goberna dezan. Biltzarrak zuzendaritzan sendo eutsiko die aldi honetan BNG zuzendu duen taldeko kideetako askori, eta Ana Ponton onetsi du berriro ere bozeramaile nazional. Segurutzat jotzen da Ponton Xuntarako presidentegai izango dela hurrengo hauteskundeetan; hain zuzen ere, hura da buruzagi politiko galiziarretan onespenik handiena dutenetako bat.

Galizian Alderdi Popularraren alternatibarik izatekotan, nazionalisten eta sozialisten arteko akordio bat egin beharko da ezinbestean. Halaxe gertatzen ari da Galiziako lau diputazioetatik hirutan, hiri askotan eta dozenaka udaletan. Udalerriak eta diputazioak kudeatzen izandako esperientziak berak erakusten du ongien posible dela alternatiba, eta badela elkarrizketaren kultura bat alderdi bien artean, zeinak, estrategia ikuspegitik oso proiektu politiko ezberdinak izanagatik ere, hala eta guztiz bat baitatoz Alderdi Popularra erakundeetatik lehenbailehen ateratzeko taktika batzuetan.

PSdeGren eta BNGren Asanblea Nazionalaren berritze prozesuak arrakasta izan edo ez izan, horren araberakoa izango da Galizian Feixooren alternatiba. Hain justu, alternatiba hori plurala izango da, edo ez da izango, eta ardatz ezinbestekoa izango du alderdi biak are sendoago iristea Galiziako hurrengo hauteskundeetara, programa sinesgarri batekin, ekarpena egingo duten lidergoekin, eta helburutzat harturik aurrera eramatea Galiziak 1936az geroztik espero dituen aldaketak, hein batean baino ezarri ez direnak, PSOEren eta BNGren biko gobernuaren aldian, 2005etik 2009ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.