Maria Bayo. Sopranoa

«Jakin-mina eta ahotsa galtzen ditudan egunean utziko ditut oholtzak»

Maria Bayo sopranoa ikasteko gogoak eta musikarekiko maitasunak eraman zuten lehenengo Iruñera, eta handik Alemaniara. Uste du ateak ixten ari zaizkiola adinean aurrera egin ahala. Alta, hasierako gogo berarekin jarraitzen du

LUIS TEJIDO / EFE.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Musikan ibilbide luze eta oparoa egina du Maria Bayo sopranoak (Fitero, Nafarroa, 1961). Herriko koruan hasi zen abesten haurra zela, eta mundu osoko operarik ezagunenetan abestu du geroztik. Azken urteetan, Lyonen (Frantzia) du bizilekua, eta handik erantzun ditu galderak. Argi dauka zein den arrakastarako gakoa: lana, lana eta lana.

Bilbon izanen zara ekainean Divina Cleopatra operarekin. Zuretzat bereziak dira etxe ondoan egiten dituzun emanaldiak?

Niretzat berezia da, noski. Martxoan egitekoak ginen, eta atzeratu egin behar izan genuen. Beti da berezia, eta nahiko nuke hemen inguruan emanaldi gehiago egin. Uztailean bi kontzertu egitekoa naiz Nafarroako jaialdi batean eta sekulako ilusioa daukat. Urteak dira bertan kantatu ez dudala.

Oholtza gogoz zaude?

Agertokian egoteko sekulako beharra daukagu. Etxean lan anitz eginagatik helburua agertokian egotea da. Ahotsak ere eskertzen du hori. Noski, etxean beti egiten duzu lan, bertzela ahotsa galduko zenukeelako, baina askoz ere interesgarriagoa da agertoki baten gainean egotea. Beharrezkoa, errango nuke.

Etxean lan asko egiten ari zara?

Bai, ezin da bertzerik egin. Baina publikoaren beroa behar dugu, bere txaloak. Hori agertoki gainean bakarrik lor daiteke.

Nolatan hasi zinen abesten?

Nire familian inor ez zen musikari profesionala. Nire aitari asko gustatzen zitzaion jotak abestea, eta hagitz ongi egiten zuen. Ni ere aitaren antzekoa naiz, musika eta artea maite ditut. Baina ez nuen ideiarik musikaren arloko profesional izatea zer zen, inguruan ez nuelako horrelakorik. Kontserbatoriora iritsi, karrera bukatu eta Alemaniara joan nintzen arte, ez nintzen konturatu zer zen mundu artistikoa.

Nola oroitzen dituzu Iruñeko kontserbatorioko urte horiek?

Sekulako afizioa eta bokazioa nuen, musika anitz maite bainuen. Mojekin solfeoa ikasi nuen, eta beti egon nintzen lotuta herriko koruarekin. Nire familia oso familia umila zen, eta Iruñera nire kabuz iritsi nintzen. Garai horietan, 100 kilometro egitea oso zailazen.

Musika bakarrik ikasi zenuen?

Bi urtez bertzelako ikasketekin uztartu nuen. Gure inguruan musika ikasketak ez dira karrera gisa baloratzen. Musikaz gain, bertzelako ikasketak ere egin behar ziren, artearen mundua oso mundu ezegonkorra baitzen. Egun ere horrelakoa da.

Noiz zentratu zinen musikan?

Musikarako gaitasun eta bertute batzuk nituela konturatu nintzenean hasi nintzen musika bakarrik ikasten. Hori bukatzean, beka bat eskatu nuen Alemanian ikasten jarraitzeko. Ikusten nuen hemen gure karrera oso zaila zela. Kanpora joan nintzen, bertze bide batzuen bila.

Bertigo handia sentitu zenuen?

Ez, nire erabakia izan zen beka eman aitzinetik hara joatea. Arazo anitz izan nituen. Askotan erraten da nire karrera oso distiratsu eta erraza izan zela, bainahasiera ez zen erraza izan.

Zergatik?

Alemaniara bekarik gabe joan nintzen. Bekak ematen zituen batzordean zegoen pertsona batek erraten zuen ni oso nagusia nintzela karrera bat egiteko, eta hanbi hilabete neramatzanean jaso nuen. Ilusio handia eta bokazioa nuen karrera musikal bat egiteko, ez bereziki bakarlari moduan, baina bai musikan. Zailtasun eta arazo asko izan nituen.

1988an Vienako ganbera operako sari nagusia irabazi zenuen. Erraza izan al zen arrakasta hori kudeatzea?

Nire karrera hain azkarra izan zen, lehiaketa hura irabazi, eta espero ez nituen bideak ireki zitzaizkidan. Orduan konturatu ziren nazioartean nire balioaz, eta eskaintza asko iritsi zitzaizkidan. Oso azkarra izan zen, opera batetik bertzera oso azkar igarotzen bainintzen. Orain gutxi arte ez naiz konturatu zer erritmo neraman; egiazki, ez bainuen hausnarketarako denborarik ere.

Lana zen dena?

Lanerako eta ikasketarako denbora bakarrik hartzen nuen. Nire karrera luzaroan mantentzen lagundu didana da produkzioak egin ditudala, eta, anitzetan, hilabete bat edo bi egon naizela leku berean. Horrek nolabaiteko lasaitasuna eman dit, batez ere nire ahotsa lantzeko. Bidaietan ahotsa asko izorratzen da, eta horrelako egonaldiek ahotsa bete-betean egoten laguntzen dute.

Erritmo hori mantentzea erraza izan da?

Inertziaz egiten nuen, presio askoko hamabortz-hogei urte izan ziren, eta, behin ama izanda, presio hori jaitsi egin nuen. Ez anitz lehenengo urteetan, lehenengo sei urteetan nirekin eramaten bainuen alaba. Gerora, ordea, erritmoa jaitsi nuen.

Batetik bertzera eman dituzu urteak.

Hoteletan eta apartamentuetan egoteak nekea dakar, ez fisikoa bakarrik, baita emozionala ere.Urteekin produkzio batetik bertzera denbora gehiago uzten hasi naiz, eta azken urteetan adinagatik ere bai pixkanaka jaitsiz joan naiz. Adinarekin ere gutxitu egiten da egin ditzakezun rolen kopurua ere, eta errepertorioa aldatu behar duzu.

Soprano baten bizitza irudikatzean luxuzko bizitza irudikatuko du aunitzek. Nolakoa da zure egun arrunt bat?

Lana, lana eta lana. Agertokian erakusten dugun glamour hori bertan erakutsi behar dugu, baina bizitza errealean beharrezkoa da hankak lurrean izatea, eta argi edukitzea gure bizitza ez dela hain glamourosoa, eta lan egin behar dela egunero. Exijentzia maila oso handia izan behar duzu, eta horretarako denbora eta esfortzua behar da.

Ahotsa duzu lanabes. Zenbateraino da dohaina eta zenbateraino entrenamendua?

Dohaina da. Ez baduzu dohain hori, zaila da lan hau izatea. Nire irakasle Edurne Agerrik erraten zuenez, ordea, %90 da lana. Ez baduzu teknikarik, bururik... Dena ez da ahotsa. Musikan elementu anitz daude: opera batean orkestra duzu ondoan, dikzioa landu behar da, interpretazioa, teknika... Teknkika ona izatea ezinbertzekoa da.

Ez da zama edozer egiten duzula ere ahotsari kalte egin dezakezula jakitea?

Noski. Horregatik daramagu moje bizitza. Ni kantura noanean, hurrengo egunean ezin naiz lagunekin afaltzera joan, bai baitakit horrek nire ahotsa eta organismoa izorratzen duela. Atletak izan behar dugu. Hori gabe, zaila da musikan karrera egitea.

Kantuaz harago, opera interpretazioa ere bada. Zenbat du bakoitzetik?

Pertsonaia baten interpretazio osoa egin behar duzu. Elementuak behar dituzu pertsonaia hori ulertu eta ahotsaren bidez transmititzeko. Horrek zer erran nahi du? Garaia, giroa ezagutu behar duzula. Antzerkia baino zailagoa da, ahotsaren bidez transmititu behar baituzu.

Non ikasi dituzu interpretatzeko teknika horiek?

Kontserbatorioan jasotzen dituzu ezagutzak, eta zure ibilbidean ikasiz joaten zara. Egia da norberaren baitan ere badagoela dohain horiek izatea. Nik uste dut hori badudala, seigarren zentzu bat badudala, eta horregatik gustatzen zaidala hainbertze antzerkia eta interpretazioa. Azken urteetan horregatik jo dut antzerkia egitera ere, asko erakartzen nau.

Autore anitzen obrak interpretatu dituzu, baina baina batez ere Mozarten errepertorioa landu duzu. Zergatik Mozart?

Mozart abestea erraza egin zait beti. Pertsonaia bat erraz egiten duzunean, horrek erran nahi du zure barrenean zerbaitek erraz asimilatzen duela musika hori. Ez dut gehiegi bilatu behar izan haren ingurumariari buruz.

Adituek diotenez, Verdi da operako autorerik kontsakratuena. Zuk, ordea, bertze batzuk interpretatu dituzu batik bat. Damurik ba al duzu behar bezainbertzetan ez duzulako Verdi interpretatu?

Pertsonaia bakarra egin ez izanaz damutzen naiz: Verdiren Traviatta. Bach interpretatzeko aukera izan dut, eta uste dut Bachek interprete gisa bertze edozein konpositorek baino gehiago sendotzen zaituela. Opera ez da Verdi bakarrik. Egia da ezagunena dela eta anitzek uste dutela garrantzitsuena dela, baina nik ez.

Opera elitearekin lotu izan da. Nola ikusten duzu zuk?

Topiko handi bat dago horretan. Azken urteetan uste dut operara joan nahi zan duenak aukera izan duela. Opera da, beharbada, garestiena, eta uste dut saiakerak egin direla jendearentzako eskuragarriago egon dadin.

Bertze topiko bat: opera ikusteko operaz jakin behar da.

Opera aurkitzeko gogoz joan behar da, eta, interpretazioa eta obra ona bada, berriz itzultzeko gogoa piztuko dizu, ziur. Obrak eta obrak daude, eta badaude batzuk egokiagoak direnak operaz gutxiago dakien jendearentzat.

Orain, bertzelako lan batean hasiko zara: Valentziako Centre de Perfeccionament zentroan aholkulari gisa.

Urteak betez zoaz, jakinduria metatuz, zuzendari askorekin lan eginez, eta, behin hori dena ikasita, interesgarria eta garrantzitsua iruditzen zait hurrengo belaunaldiei erakustea. Ez kantatzea bakarrik, bidea nola egin erakustea.

Hainbertze urteren ondotik, zer da egunero lan egiteko bultzatzen zaituen arrazoia?

Jakin-mina. Jakin-mina galtzen dudan egunean, eta nire ahotsa galtzen hasten naizen eguneanutziko dut. Baina oraingoz ikasten jarraitzeko gogoz nago.

Noiz uzten du soprano batek oholtza?

Ahotsak nahikoa da erraten dizunean. Ez soilik ahotsak, baita antzokiek bizkarra ematen dizutenean ere. Lehen adin batera iristean antzokietako ateak parez pare irekitzen zitzaizkizun, orain, aldiz, kontrakoa gertatzen da. Emakumezko aktoreen kasuan ere gertatzen da adin batera iristean interpretatzeko rolak murrizten zaizkiela.

Nabaritu duzu hori?

Bai. Antzerkien zuzendaritzan kuriositate txikia dago rol berriak bilatzeko. Agenteek ere bizkarra ematen dizute. Hasieran, zu zara lana ekartzen duena, baina gerora beraiek bilatu behar dute, eta ez zaie gustatzen. Urte anitzez izan dut agentzia, eta orain hori utzita daukat. Gogorra da bide berriakbakarrik ireki behar baitituzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.