Koronabirusa. Turismoa

Gertukoak helduko diren esperantza

Zarautzek, Lizarrak, Lekeitiok, Donibane Lohizunek eta beste hainbat eta hainbat herrik etekina atera nahi diote ohiz kanpoko uda honi, birusak emandako kolpea arintzeko itxaropenaz. Askok uste dute gertuko turismoaren uda izan daitekeela aurtengoa, eta udal ugari prest daude abagune hori beren alde jartzeko.

Zarauzko malekoia ekaineko egun goibel batean; udan, beste itxura bat izaten du pasealeku ezagunak. GORKA RUBIO / FOKU.
Xabier Martin - Ekhi Erremundegi
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun

Naturak egin dizkien opariei esker, badira Euskal Herrian bisitariak jasotzen espezializatu diren udalerriak, kontsumitzen duten bisitariak esan nahi baita, turistak. Bigarren etxe ugari dituzten herri horien erakargarritasuna hondartzak izan daitezke kasu askotan, ingurune menditsuak, eguraldi eguzkitsua eta aldagai askoren bat-egitea. Kontua da uda iritsi bezain laster populazioa halako hiru, halako sei edo gehiago handitzen dela turismoari etekina ateratzen asmatu duten herri horietan. Horrela izango al da aurten ere?

Bada erabateko adostasun bat aurtengo udari buruz: ate joka dagoena ez da beste uda bat izango. Koronabirusak goitik behera baldintzatu du turismoaren jarduera, eta ikusteko dago sektorearen barruan zein diren kalte handiko helmugak eta kalte txikikoak. COVID-19ak eragindako egoeran bigarren etxe ugariko helmuga horiek onurak izan ditzaketela dioen teoria zabaltzen ari da azken egunetan; batetik, urrutira joango diren turistak ez direlako beti bezainbeste izango; eta, bestetik, pandemiak jotako munduan, gertuko turismoa izango delako abantailekoa.

Alegia, etxekoek etxean edo etxetik gertu egingo dituztela oporrak inoiz baino gehiago, hegazkina hartu gabe, ahal dela; oporrak gozatzeko direnez, segurtasuna sentitzea ezinbestekoa baita. Hala, bigarren etxe turistikoetako herriek asko dute irabazteko, hondartzak, igerilekuak eta beste ingurune batzuk erabiltzeko ohiz kanpoko baldintzak ezarriko diren arren. Segurtasun faseak amaitu aurretik bigarren etxera joateko irrikan dauden milaka euskal herritarren testigantzak hor daude.

Birusaren presentzia apala

«Lizarraldera gertuko bisitariak etortzen zaizkigu urtero, Euskal Herritik bertatik gehienak, eta Madrildik eta Kataluniatik ere bai. Esan daiteke lasaitasun pixka bat badugula, uste baitugu aurten ere etorriko zaizkigula». Koldo Leoz Lizarrako (Nafarroa) alkateak nabarmendu du Lizarraldea «leku lasaia» dela oporretarako, eta segidan aurtengo mezurik garrantzitsuena izan daitekeena helarazi du: «COVID-19 kasu gutxi izan ditugu: helmuga segurua gara. Nafarroako osasun eremu handi bat gara, Gipuzkoa osoaren neurrikoa, eta apenas izan den kasurik Lizarraldean: 85 bat guztira. Koronabirusa oso kontrolatua izan dugu, eta bisitariei argi esan nahi diegu».

Leozek berretsi du uda ezohikoa izango den arren bisitari kopuru txukuna espero dutela. «Bigarren etxe asko daude eremu honetan, eta pentsatzekoa da aurten egun gehiago igaroko dituztela etxe horietako jabeek. Kanpin ugari ere badira, eta udako programazio zabal bat egituratzen ari gara, ahalik eta bisitari gehien erakartzeko. Bisita gidatuak eta beste hainbat ekitaldi prestatzen ari gara».

Lizarra eta haren inguruak, Iratxe, Aiegi... familia osorako turismorako dira egokiak. Zer gertatuko da igerilekuekin? Bada, segurtasun neurriak hartuta, zabaldu egingo dituztela. «Txanda eskatuta, erabilera jakin batekin eta beste zenbait mugekin, baina igerilekuak zabaldu egingo ditugu; garbi dugu haurrei zor diegula ahalegin hori, haiek sufritu baitute gehien itxialdian», esan du Leoz alkateak.

Turistaren gozamenaren ifrentzua tokiko negozio askoren etekina da. Tokiko ostalaritzak eta merkataritzak aurtengo urte beltza txukuntzeko balioko ote du udak? Leoz baiezkoan da. «Lizarrako jendea gehiago erosten ari da Lizarran, bertakoa zaintzeko ildo horrekin bat eginda, baina bisitarien ekarpena oso ondo etorriko zaie denei. Behar-beharrezkoa dugu ekarpen hori, eta guk Lizarra helmuga seguru gisa ongi kokatzeko ahalegin guztia egingo dugu. Animatu dadila jendea gurera etortzen, ongi baino hobeto hartuko dugu eta».

Leketio: klasiko bat

Lekeitio da bigarren etxe asko dituen beste euskal udalerri bat; turismoaren aitzindaritzat jo daiteke Bizkaian. Uda partean 25.000 pertsona inguru izaten dira kostaldeko herri horretan, eta neguan ez dira 8.000ra iristen. Turismoak pisu handia du herriko BPGan, eta Kitto merkatarien elkartean hadi daude udak eman dezakeenari begira. «Guk hondartza daukagu, herri polita ere bai, lasaia, eta guretzat oso garrantzitsua da turistak etortzea, ez baitugu industria handirik», esplikatu du elkarteko idazkari Agurtzane Escribanok. «Itxialdia oso gogorra izan da, eta udan zer gertatuko den ez jakiteak ere asko sufriarazi digu».

Escribano, ordea, gustura dago herritarrek tokiko merkataritzari emandako laguntzarekin. «Hemen kontsumitzeko ekinaldia ondo joan da, baina bigarren etxeak dituztenen zain ere bagaude, ekarpen handia egiten baitute. Badakigu aurten agian inoiz baino egun gehiago etorriko direla, hasteko oso kasu gutxi izan ditugulako hemen. Gertuko jendea etortzen da gurera, Bilboko asko, eta hementxe gaude, haiek hartzeko prest».

Lekeiton slow turismoa egiten dela esan du Kitto merkatarien elkarteko kideak, eta uste du aurten turismo mota hori nahiko duela jende gehienak, «gertukoa, segurua, etxe-etxekoa». Lekeitioko eta inguruko landa turismoko etxeetan erreserba ugari egiten ari direla kontatu du, «batez ere abuzturako», baina uztailerako ere hasi direla gelak hartzen. «Gainera, ematen du hiru edo lau gau hartu beharrean, astebeteko eta hamar eguneko erreserbak egiten ari dela jendea». Turistak «patrika beterik» ote datozen ikusteko dagoela erantsi du. «Desiratzen gaude bisitariak hartzeko; badakigu ez dugula urte on bat izango, baina, fakturak pagatzeko moduko uda izanez gero, besterik ez bada enpleguari eusteko, helburu bat beteko genuke».

Zarautz (Gipuzkoa) ere goi-goian dago Euskal Herriko herri turistikoen artean. Surfak munduko erreferentzia bilakatu du azken hamarkadetan. Udan bikoiztu egiten da han ohiko populazioa, eta herriak eta inguruek (Getaria, Orio...) ziztada ekonomiko handia jasotzen dute turistei esker. «Bertako jende ugari etortzen da bere bigarren etxera, Gipuzkoako asko, baina baita Bilbokoak ere; eta Madrildik eta Kataluniatik ere bisitari asko etortzen da», esplikatu du Zurekin ostalaritza elkarteko bozeramaile Julen Olazabalek.

«Ematen du jendeak ez duela oso urrutira joan nahi aurten, eta baliteke Zarautzera etortzen direnek beren egonaldiak luzatzea». Uste du, gainera, agian jende gehiago geldituko dela bere etxean, eta Zarautz herri egokia dela egunpasak egiteko. Esperantzarik ez du galdu. «Badakigu aurten hondartzak muga batzuk izango dituela, eta hondartzak pisu handia daukala Zarautzen, baina beste hamaika altxor ditugu hemen, naturagune ikusgarrietatik hasita».

Gipuzkoako kostaldeko surfaren mekan ez dira agian beste urte batzuetan bezainbeste atzerritar ibiliko; «hori badakigu», dio Olazabalek, baina, hala ere, sinetsita dago herriko ostalariek eta dendariek, oro har, uda txukun bat lor dezaketela. «Kalitatezko gastronomia dugu, eta beste gauza asko, eta denon artean lortu behar dugu aurtengoari eustea. Etorriko dira urte hobeak, baina lehen-lehena aurtengo uda da». Surfaren deiari erantzunez atzerritarrak irailerako irits daitezkeenik ez du baztertu Olazabalek. «Jendea gogoz dago, eta orain dela gutxi uste zen baino uda askoz ere hobea izan daiteke. Gu, behintzat, dena ematera goaz».

Lapurdiko kostaldean, zain

Donibane Lohizunen (Lapurdi) ere aski ohituak daude turistak jasotzen, baina aurtengo udak sortzen duen ezjakintasuna azpimarratu du Jean François Irigoien herriko auzapezak. «Ez naiz gai etorkizuna iragartzeko. Uda honetan turista anitz etorriko ote dira, batzuek dioten gisan? Ala beren etxean geldituko dira?», galdetu du. Haren hitzetan, enpresa anitzek uztailean eta agorrilean «errekuperatuko» dute «galdutako denbora», eta langile anitz «egoera zailean» dira. Hala ere, turistak etorriko direla espero duela erran du. «Frantziarrek ideiak aldatzeko beharra dute bizi izan dugun garai zailaren ondotik». Uda sasoian, gainerako garaietan halako bost izaten da Lapurdiko kostaldeko herri askotako populazioa, eta aurten ere horrela izan dadin nahi dute merkatariek.

Irigoienek zehaztu du bere herriko komertzio anitz «biziki egoera zailean» daudela. «Anitzek, maleruski, itxi egin beharko dute; beste batzuek langileak kanporatu beharko dituzte». Horregatik, herriko etxeak sostengu plan «handia» ezarri duela esplikatu du, komertzioei dagozkien zergak eta gastuak apalduta.

Donibane Lohizuneko bizitegien %40 bigarren etxebizitzak dira; konfinamendu garaian horietako anitz beteak egon direla kontatu du Irigoienek. «Bordeleko batzuk, Parisko batzuk, Donibane Lohizunera etorri dira garai horretan. Pentsa daiteke uda honetan ere egoiliarrak beren bigarren etxeetara etorriko direla».

Uztailaren 1ean ireki behar dute Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga, eta horri begira ere bada Irigoien. «Gure lagun espainolak itzuli ahal izatea nahi dugu. Badakigu [Ipar] Euskal Herriari eta gure herriari bereziki atxikiak direla. Ez dugu dudatzen gure auzokoak kopuru handian etorriko direla».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.