Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Ainhoa zulo beltzean

Jose Mari Pastor -

2022ko apirilak 9

Ainhoa (halaxe deituko diogu) inoiz ez da oso neskatxa alaia izan. Barnerakoia dugu. Isila. Hala eta guztiz ere, haren bizitza ondo zihoan, etxean eta eskolan. Pandemia ailegatu zen arte. Gaitzak bizimoduari eragindako aldaketek hankaz gora jarri zuten haren mundua. Izaera nabarmen aldatu zitzaion. Gurasoek medikuarenera eraman zuten, eta nortasunaren muturreko nahasmendua antzeman zioten: agresibitatea, asoziabilitatea, bere burua zauritzeko joera, anorexia, eskola defizita...

Duela urtebete behea jo zuen haren buruak. Logelan giltzapetu zen orduan eta hor segitzen du. Gela kisketaz itxia du. Oso gutxitan irekitzen du: komunera joateko eta zerbait jateko: jogurt edo frutaren bat. Ispiluak eta baskula haren begien aurretik kentzeko esan diete medikuek gurasoei, alaba horrekin tematua baitago. Oso arropa zabalak janzten ditu. Hori dela eta, ez da nabari argal-argal dagoela.

Adituek jakinarazi dutenez, COVID-19ak biziki kolpatu ditu gazteak. Izan ere, nerabeak harremanak sortzen ari dira, elkar ezagutzen, mundua deskubritzen, pertsona moduan osatzen heldutasunerako bidean. Horiek guztiek, edozein gizabanakorentzat inportanteak direnek, berebiziko eragina dute gazteen egunerokoan. Prozesu natural hori moztu du pandemiak. Iturri horien arabera, eritasunak gazte ugari jo ditu. Bereziki ahul zeudenak. Horiek bete-betean hartu dute kolpea.

Lehengoan lagun batek garrantzia kendu nahi izan zion arazoari. Haren iritziz, adinekoek sufritu dute gehiena pandemian. Batez ere, zahar-etxeetan bakartuta egon direnek. Eta gazteek? «Pentsa gure denboran bezala biziko balira, Internet eta sakelakorik gabe. Orduan bai txarto. Orain ez dute gurasoen kontrola. Gelan itxi, bideodeia egin eta pajilla». Bai, baina hala izango balitz ere...

Osakidetzak osasun plan berria abiarazi du. Nerabeen depresioa antzemateko kanpainari ekin dio, besteak beste. Albistea prentsan agertu da: baheketa egingo dute 12-14 urteko umeen artean buruko gaitzak zenbateraino hedatzen ari diren jakiteko. Irakurle batek berriari egindako iruzkinak zer pentsatua eman dit: «Osakidetza? Zertarako? Psikologo edo psikiatrarengana joan eta sei hilabete barru itzultzeko? Zenbat gaztek egingo dute bere buruaz beste ordurako?».

Batzuetan, bere buruaz beste egingo duela esaten die Ainhoak gurasoei. Psikologoak aitari adierazi dionez, mehatxu edo abisu horiek oso gutxitan betetzen dira, baina inoiz ez dakizu kasu horietako bat zure haurrarena izango ote den. Beraz, kontuz. Bestetan, oldartu egiten zaie, modu mingarrian: «Hilko ahal zarete biok! Errua zeuena da, ni mundura ekartzeagatik!».

Osasun publikoan zer eginik ez dagoela pentsatzen dute Ainhoaren gurasoek. Haiek ere badakite kontsulta sei hilean behin izatea zer den. Eta bitartean? Funtzionarioak dira eta astero 50 euro ordaindu ahal dituzte kontsulta pribatuan. Alde horretatik pribilegiatuak direla esan du aitak: «Arlo pribatuan lan egingo banu, kalean egongo nintzateke jadanik, ostegunetan lanera ez joateagatik. Enpresariek Unicef edo halakoen bazkidetza ordaintzen dute; horrekin amaitzen da haien elkartasun kuota. Enpresa bat ez duzu dirua galtzeko sortzen».

Ainhoak eten egin ditu lagunekin zituen harremanak. Eten eta galdu. Sakelakoa du lagun bakarra. Neskari telefonoa ez kentzeko esan die psikologoak gurasoei. Izan ere, alabak munduarekin duen erlazio bakarra hautsiko lukete: Internet. Duela aste batzuk The Walking Dead seriearen denboraldi bat ikusi zuen gazteak. Osorik. Egun bakar batean.

Ainhoak zulo beltzean segitzen du. Gurasoek kalera irteteko esaten diote. Ohetik jaikitzea da garrantzitsuena. Medikuen ustez, nerabezaroa utzi eta gero konturatuko da, agian, nola dagoen, eta sendatzeko erabakia hartuko du. Bitartean... Lehengoan kezka azaldu zuen haren aitak, goibel: «Ainhoa osatzen ez bada, zer izango da 20 edo 30 urte barru gu hemen ez gaudenean? Nor arduratuko da hartaz ordurako sendatu ez eta munduan bakarrik badago?».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©EUSKO LEGEBILTZARRA

Bildarratzek berretsi du hizkuntza ereduei eutsiko dietela

Irati Urdalleta Lete

Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Eusko Legebiltzarrean mintzatu da Hezkuntza Lege proiektuari buruz. Ñabardurak eginda, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk balekotzat jo dute proiektua; EP-IUk eta PPk, ez

Lehengo astean ere jo zuten Etxegarairengana Mauriziakoek. ©GUILLAUME FAUVEAU

Elkartasunak Eraiki sareak Maurizia proiektuaren eredua goraipatu du

Ekhi Erremundegi Beloki

Etxegarairekin bilkura egin dute Mauriziako kideek. Uztailaren 6an aztertuko dute kanporatze prozedura gelditzeko helegitea

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideen agerraldia, atzo, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Euskal eskola publikoaren alde mobilizatuko dira ekainaren 9an

Isabel Jaurena

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak adierazi du Hezkuntza Lege proiektuak ez duela sistema publikoa «lehenesten»

Artatutako pertsonen %28ak alkoholismo arazoak zituzten. ©BERRIA

Berretsi dute adikzioak eta buru osasuna lotuta daudela «ziklo kaltegarri batean»

Olatz Silva Rodrigo

Erdu programak zaurgarriak diren pertsonak artatzen ditu. 270 pertsonei arreta eskaini zien iaz; horietatik 197 etxerik gabe zeuden

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...