Pastor
DARWIN ETA GU

Nathalie, Putin, Natasha

2022ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Gilbert Becaudek Nathalie kanta kaleratu zuen 1964. urtean. Moskuko turismo-gidari batekin irudikatutako afera kantatu zuen artista frantsesak. Leninen hilobia bisitatu ondoren, Pushkin kafetegira joan dira biak txokolatea hartzera. Noizbait Parisen elkartuko diren itxaropena azaldu du Becaudek.

1989an Nathalieaus Leningrad abestia sortu zuen Udo Lindenberg alemaniarrak, Leningraden kokatua. Naziek 900 egunez setiatu zuten hiri hura. Kantako neskaren aitak hamar urte zituen eta gurasoak gosez hiltzen ikusi zituen —setioak eraginiko gosetearen ondorioz ia milioi eta erdi lagun hil ziren; gainera, 1.400.000 pertsona ebakuatu zituzten, gehienak emakumeak eta umeak. Haietako asko hil ziren—.

Nazien kontrako borroka gogorarazi du Putinek Ukraina inbaditzean. Badaki zer argudiatu herritarren bihotza ukitzeko. 25 milioi lagun hil ziren Sobietar Batasunean gerran. 25 milioi. Erraz esaten da. Nork bota zuen nazismoa: Ryan soldaduak ala Ivan burkideak?

Nola heldu gara honaino? Mendebaldeak azken hamarkadetan egindako bideak ez du lagundu Europako Ekialdeko egoera baretzen, alderantziz baizik. AEBetako Estatu idazkari James Bakerrek Gorbatxovi egin zion promesa —«NATO ez da hazbete bat bera ere joango ekialderantz»— ez da bete. Indartsuenaren legeak agintzen duela ikusarazi du Moskuren erasoak. Izan ere, Errusia estatu nuklearra izango ez balitz, Mendebaldeak moduren bat aurkituko luke haren kontra egiteko, Iraken eta Jugoslavian egin zuen bezala.

Hori hala izanda ere, Ukrainako inbasioa txalotzeko motiborik du ezkerrak? Putin heroi bihur dezake? Ezkertiarra da Putin? Sozialista da egun Errusia? —irakurri Sobietar Batasunaren eta oraingo Errusiaren himnoak; musika bera da, baina letra...—. Putinek Sobietar Batasunaren handitasuna eta indarra ditu gogoan, besterik ez. Gizarte klase ahulenek garai haietan jasotzen zuten babes sozial handiagoaz amestuko dute, baina horrek ez ditu biziki kezkatzen Putin eta bere lagun oligarkak. Diru ederra egin dute. Patriotak dira, baina ez pariak.

Ukraina liberatzera joan dela esan du Kremlinek, hango biztanleek nahi edo ez —Mendebaldeak hainbat lekutan egin duen bezala—. Ukrainan izan daitezkeen joera filonaziak sala ditzakezu —eta joera horiek badaude,egon—, baina Ukrainaren existentzia bera ukatzera eraman behar zaitu horrek? Boltxebikeen asmakeria izan zen Ukraina?

Michel Eltchaninofffrantziarrak Errusiako presidentearen pentsaera deskribatu zuen Dans la tête de Vladimir Poutine —Vladimir Putinen buruan— liburuan. Il manifesto egunkari italiar komunistari 2018an eskainitako elkarrizketan jakinarazi zuenez, Putinek sistema sobietarraren patriotismoa, militarismoa eta potentzia handiaren nagusitasuna hartzen ditu soilik. Adituaren arabera, Putinek sarri aipatzen du Ivan Ilyin filosofo erreakzionarioa. Ilyin zarismoaren aldekoa zen, eta Franco eta Salazar miresten zituen. Eltchaninoffen iritziz, Putinek Mendebaldearen gainbehera kritikatzen du, sustrai kristauei uko egin dielako: «Balio kristauetan oinarrituriko heziketa morala nahi du; haren aburuz, familia heterosexualak eta homosexualak konparatzea Jainkoa eta Satanas maila berean jartzea bezala da».

Gilbert Becauden Nathalie joan zen. Udo Lindenbergena ere iragana dugu. Hala eta guztiz ere, Natalya asko daude Errusian. Horietako bat da Natasha. Putin zalea da andrea. Dibortziatua da eta ume bat du. Goi kargu batean dihardu Moskuko enpresa handi batean. Bidaiatzea maite du: Europa, Karibe, Kanariar Uharteak... Ez esan hari ezer homosexualen eskubideei buruz: «Bi gizon neure semetxoaren aurrean musuka ikusiko banitu, haiek hiltzeko gogoa piztuko litzaidake».

Putinek nazismoaren kontrako borroka aipatzen duelako haren amua irentsi behar dugu, ezkertiarretan ezkertiarrena izango balitz legez? Zer gizarte eta balio mota nahi ditugu Euskal Herrian? Oraingo Errusiakoak edo Ukrainakoak —horretan ez baitago aldaketa handirik— dira ezkerraren eredua?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.