Osasuna 1-0 Athletic

Ginga jarri dio mendeurrenari

Osasunak irabazi egin dio Athletici euskal derbian, klubaren 100. urteurrenean. Ruben Garciak sartu du partidako gol bakarra, penaltiz. Aurkariaren atean zehaztasunik gabe aritu dira bi taldeak

Osasunako jokalariak garaipena ospatzen, Athletici irabazi ostean, Sadarren, klubaren mendeurrenean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: R. Garciak (80. min). Epailea Cuadra Fernandez. Txartel horiak Osasunako D. Garciari, Jagoba Arrasateri, Oierri, Vidali; eta Athleticeko Yerairi, R. Garciari. Bestelakoak. Osasunaren mendeurren eguna izan da, eta haren ereserkia estreinatu dute.

Derbiak bi taldeen arteko tentsioa, errespetua eta urduritasuna areagotzea dakar. Eta hori zelaian islatu ohi da partidako hastapenean. Hala gertatu zen atzoko Osasunaren eta Athleticen arteko neurketan ere. Argitasunik gabeko jokoa erakutsi zuten Sadar eraberrituan, eta argi izpi txikiena izan zuen taldea Athletic izan zen. Baina ate aurrean asmatu egin behar da gero, eta Gaizka Garitanorenak ez ziren fin ibili. Bai, ordea, Osasuna. Izan zuen aukera apurrari ondo baino hobeto atera zion zukua; Ruben Garciak penaltiz sartutako golari esker hiru puntuak Iruñean geratu ziren. Gorritxoei buruan ondo iltzatuta geratuko zaie klubaren mendeurreneko eguna.

Jagoba Arrasatek hiru aldaketa egin zituen, aurreko hamaikakoarekin alderatuta; Juan Cruz, Nacho Vidal eta Jony Jon Moncayolaren, Kike Barjaren eta min hartuta dagoen Jonathan Calleriren ordez aritu ziren. Ostera, Gaizka Garitanok Levanteren aurkako jokalari berak zelairatu zituen.

Hain zuzen, zuri-gorriek sortu zuten lehen arriskua bederatzigarren minutuan, Alex Berenguerren bidez. Gorritxo ohiak punpa lasterrean area kanpotik jaurtiketa indartsua egin zuen. Sergio Herrerak, berriz, erantzun ona eman zion.

Zelai erdian nahasmen handia izan zuten batak zein besteak, eta jokoa sarritan mozten zuten. Zehaztasun gabeko egoera horretan, etxekoen lehen abagune deigarriena Iñigo Perezek izan zuen. Falta jaurtiketa zuzena egin zuen, Unai Simoni ezusteko txikia eman nahian.

Handik gutxira, Aridanek zelaia utzi behar izan zuen; aireko jokaldi batean desorekatu, eta ezker belaunean min hartu zuen. Unai Garciak bete zuen espainiarraren lekua. Minutuak aurrera joan ahala, Garitanoren jokalariek demako lema hartu zuten. Osasunaren zelaian eroso zebiltzan baloia alde batetik bestera mugituz. Lehen zatiaren hondarrean etxekoei estutasunaren bat sorrarazi zien. Unai Lopezek urruneko falta jaurtiketa zitala egin zuen, baina Herrerak kornerrera bidali zuen baloia. Hutsean joan ziren aldageletara.

Golek berdin balio dute

Bigarren zatia ere antzera hasi zuten bi taldeek: zehaztasun eta intentsitaterik gabe. Baldintza deseroso horietan bisitaria moldatzen zen hobekien, eta Raul Garciak egin zuen Athleticen lehen saiakera. Iñaki Williamsek eskuin hegaletik erdiraketa pozoitsua egin zuen, baina nafarrak ez zuen buruz ongi errematatu.

Osasunak, nola edo hala, aurkariaren atea zulatu nahi zuen, eta Arrasatek aurrelarien aldeko apustua egin zuen. Adrian Lopezi eta Barjari eman zien aukera. Gurpil zoroan atera ezinik zenbiltzan bi taldeak, harik eta 80. minutuan Barjak eltzetik babak atera zituen arte. Aurrelaria arean sartu, eta Ander Capa bizkarrez indartsu sartu zitzaion. Indartsuegi, ordea; lurrera bota baitzuen Barja, eta Cuadra Fernandez epaileak penaltia adierazi zuen. Ruben Garciak hamaika metroetatik ez zuen barkatu.

Garitanok, presaren presaz, Yuri Berchice, Jon Morcillo eta Iñigo Vicente sartu zituen zelaian, gutxienez, puntu bat urratzeko. Hain justu, neurketako azken hatsean, Morcilloren erdiraketa baten ostean Capak bigarren lerrotik sartu eta bakar-bakarrik buruz errematatu zuen, baina haren ahalegina hutsala izan zen, Osasunaren zorionerako.

Ospakizunak, baina, izan zuen alde ilunik. Zaleek jaurtitako suziriek sutea eragin zuten Ezkaba mendian, eta suhiltzaileak sua itzaltzeko lanean aritu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.