Bera Bera 20-24 Guardes

Ez du erakutsi hautagai zela

Bera Berak ez du jokatuko Espainiako Kopako finala, galdu egin baitu finalerdian Guardesen aurka, Ilunben. Ezusteko emaitza azaltzeko, erasoan egindako hutsegiteak nabarmendu behar dira

Arrojeria, Cavo eta Alice Fernandes burumakur aldagelara bidean, atzean Guardesekoak garaipena ospatzen ari diren bitartean. GORKA RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Markagailua. 4-5; 9-8; 11-12 (atsedenaldia); 13-16; 16-20; eta 20-24 (amaiera). Golegile onenak. Super Amara Bera Beran, Mariane Fernandes (5), eta Atletico Guardesen Patricia Lima (8).

Faboritoa zen Super Amara Bera Bera Espainiako Kopa irabazteko, hala erakusten ari delako Ohorezko Mailan, aurrena doalako, eta txapeldun titulua ia eskuan duelako. Etxean ari zen jokatzen, gainera, eta horrek ere ematen zion aparteko indar berezi bat. Ondorioa: faboritoa, are faboritoago. Baina kale egin zuen 2.800 zale baino gehiagoren aurrean, finalerdietan geratu baitzen atzo, Atletico Guardesen aurka galdu eta gero (20-24). Etxeko txapelketa zena, kanpora joango da. Finala, gaur: Malaga-Guardes (13:00).

Inork edo ia inork espero ez zuena gertatu ahal izateko hamaika azalpen daude. Gehienek Bera Beraren erasoan dute begia jarrita. Lehenbiziko kolpea markagailuak ematen du: hogei gol baino ez. Beste datu hau ez da hobea: hemezortzi baloi galdu zituen Imanol Alvarezen taldeak. Eta zenbaki honek oraindik eta gehiago narrasten du argazkia: Galiziako taldearen ordezko atezainak 11 geldiketa egin zituen, gehienak sei metrotik egindako jaurtiketetan.

Horrelako datuak lapiko batean sartuz gero, nekez atera daiteke ezer onik, eta Bera Bera izateak ere ez zuen miraririk eragin. Galtzeko partida jokatu zuen Imanol Alvarezen taldeak, eta beste batzuetan halakoetan ere irabazle atera izan bada, atzo ez, atzo galbidera eraman zuten jokoak eta eraginkortasunik ezak. Ekina eta ondorioa elkarri uztartuta atera ziren atzo iluntzean Ilunbetik.

Hasieratik ikusi zen taldea ez zebilela eroso. Lehiari ekin orduko, baloia galtzen hasi zen erasoan, eta, minutuak aurrera joan ahala, beste gabezia bat ere plazaratu zuen: ezin lasterka egin, ezin aurkariaren areara bizi eta zehaztasunez iritsi. Horretarako, ezer baino lehen, defentsan lan ona egin behar izaten da, eta, atzo, horretan ere, arlote; soilik, bigarren zatiko une batzuetan azaldu zuen dohain hori taldeak, zezen plazan burua makurtzeko beste aukerarik izan ez zuenean. Gol batez galtzen joan zen atsedenaldira, baina emaitzak ez du beti zehaztasunez azaltzen pistan gertatua: Alice Fernandes atezainaren geldiketengatik izan ez balitz, aldea handiagoa izango zuen alde Guardesek, eta kontra Bera Berak.

Sempere atezaina, horma

Aurreneko ordu erdia amaitzeko gutxi falta zenean, gero erabakigarria izan zen jokaldi bat gertatu zen: etxekoen aldeko penaltia, eta kanpokoen aulkitik, Miriam Sempere ordezko atezaina pistara. Geratu egin zuen, eta bazihoan bueltan aulkira, baina atean segitzeko agindua jaso zuen. Bai asmatu ere entrenatzaileak edo Carratu beste atezainak edo dena delakoak. Geldiketa gehiago egin zituen aldageletara joan aurretik.

Eta oraindik eta gehiago bigarren zatian. Hala ere, Bera Berak lortu zuen aurretik jartzea (13-12) 35. minutuan. Ez alferrik. Berehala hartu zuen aginte makila Guardesek, eta nola gainera: handik bost minutura, lau goleko aldea zeukan fabore (13-17). Eta Semperek bereak eta bi egiten segitzen zuen.

Emaitza, partida eta etxeko Kopa bazihoazela ikusteak presa eta kabitu ezina eragin zuen Bera Berakoengan. Alvarezek hutsarte bakoitzean gogorarazi zien jokalariei lasai jokatzeko. Atezainari gehiago eusteko ere bai, azkar jaurti ordez. Baina atzo dena zen alferrik. Gauza asko kontra. Ohiko jokoa egin izanaren ondorioa, bat gehiago izan zen: sei seiren aurka jokatu behar, eta ezin. Guardesek ondo ikasita ekarri zuen zer egin behar zuen, eta merezita lortu zuen gaur ere Ilunben jokatzeko aukera. Alferrik izan zen Bera Bera bi golera gerturatzea zortzi minutu falta zirela. Ezezkoa denean, ezezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.