Literatura. 'Idea Vilariño'

Hitza hitzaren truk

Itzultzailea: Garazi Arrula. Bilduma: Munduko Poesia Kaierak. Argitaletxea: Susa.

2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Munduko Poesia Kaierak bilduma iritsi da 30. alera, urtez urte poesia ale bikainak emanez, hutsik egin gabe, 2014tik. Izan ere, harrigarria da zenbat poesia kabitzen den 64 orritan. Zalantzarik gabe, bildumak beste buelta bat eman dio poesia itzuliari berari, euskarara itzulitako poesiari: liburuxka hauek, beren soiltasunean, poesia huts gisa irakurtzen dira, eta gehienek ederki lortzen dute ahantzaraztea beste hizkuntza batean dutela «jatorrizkoa», eta euskarara «ekarriak» izan direla. Badirudi bilduma bera intertestualitateari kantaturiko gorazarre poetiko bat dela.

Idea Vilariño poeta uruguaitarraren kaiera ere halaxe irakurtzen da. Nagusiki poema laburrez osatua dago; guztiak dira arnasaldi batean irakurtzekoak, guztiak ere trinkoak, soilak, karga-karga eginak. Zerez, baina, horixe gakoa. Esango nuke, kaiera hau irakurrita behintzat, Idea Vilariñoren poesiak badaukala halako intimismo zorrotz bat, halako eranzte zoli eta arantzatsu bat. Kapaza da sentimenduei izenez deitzeko, zuzen eta zintzo («Hain nago triste nola / zu hil bazintzaizkit lez»), bai eta zuzentasun horri sakonera filosofikoa ateratzeko ere («Komunerako ispilu bat erosten dudanean / nire aurpegia ikusiko dut»). Garraztasun etsi batek zeharkatzen du bilduma alderik alde («Tristeena okerrena izan zen bizi izana / horrek axola balu bezala»). Bada soneto bat izugarri ederra («Itsasoa zer da putzu iluna ezpada»), eta ikono baten heriotzari kantaturiko elegia hunkigarri bat («Ez dut uste hil zenik / ezin dut sinetsi / eta ez dut sinetsiko / hala esan arren Fidel Castrok berak»). Bada zu-rik («deika ari natzaizu / heriotzari nola») eta bada ni bat ere, indarrez betea («Noizko gau nireak / ikusezak eta ukiezak»).

Hori guztia daukagu lerro xume eta laburretan emana, soil-soil kontatua, su festarik gabe, ia belarrira xuxurlatua bezala. Ni poetiko apal bat mintzo zaigu, ni bat zalantza egiten duena, baldintzetan ezkutatzen dena, tarteka bere buruarekin—diskurtsoarekin— kontraesanean jarduten dena, dar-dar geratzen dena bere hitzekin, bere mintzoarekin. Izan ere, Vilariñoren poesian badago, nik uste, jaidura bat irudiari ihes egiteko; ihes metafora arranditsuei eta zentzumenak (ikusmena) kitzikatzeari. Hitza baino ez dugu, diskurtso biluzia, hizkera lauz eta apaindura gutxirekin emana. Eta, halarik ere, kontraesanean bezala, lerroz lerro txirikordatuz doa ni poetiko hori, bere soiltasunean konplexua eta tarteka bihurria ere baden idazmolde batean.

Idea Vilariñok bizitza osoa eman zuen sortzen, idazten, itzultzen, irakasten, ikertzen. 45eko Belaunaldiaren parte izan zen, «sona handiagoa eskuratu zuten gizonezkoekin (Mario Benedetti, Juan Carlos Onetti) eta beste zenbait emakume idazle handirekin (Ida Vitale) batera», Beñat Sarasolak hitzaurrean dioenez. Aitortzen dut kaiera atera arte sekula aditu gabea nuela Idea Vilariñoren izena, beste hainbatetan bezala. Eta, halako aurkikuntzak eginda, saihetsezina da pentsatzea zenbat eta zenbat poeta bikain, idazle paregabe eta zinezko artista ote dauden betiko gizon loriatu, goraipatu eta hain irakurrien itzalpean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.