Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

'Guayismoaren' detailea

2016ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Norena ezezagutza? Benetakoak dira Urko Aristik euskal mundua erdaldunei hurbilarazteko egiten dituen ahaleginak, Edu Lartzangureni adierazi bezala. Aitortu behar zaio Boulevard-eko magazinean lehen eta Graffiti-n ari dela orain; eta segi dezala gurutzada horrekin tematuta! Felixlinarestarrak euskalduntzea lortzen badu noizbait, irabazia edukiko du zerua! Baina objekziorik jarri nahi nioke, nire moztasunean, jaurti zuen analisi baten gainean. «Zubiak ez baditugu eraikitzen, berriz ere ezjakintasun handia izango da bi munduen artean». Kontrara, ez dut uste euskaldunoi ezezagun zaigunik erdal mundua; nola eman bizkar mundu horri, beronen parte baikarenez? Urrutira gabe, Radio Euskadiko entzule gara asko; kontrara, ba al da Euskadi Irratiaren dialera jotzen duen erdal elebakarrik? Eta, zubiei dagokienez, zer esan... Ruper Ordorikaren harako hura baizik ez: euskaldun izatea zein nekeza den. Alegia, geuri egokitu behar beti zubigintza.

Guayismoaren baliabidea. Zuzeu agerkari digitalean sortu dute xextra La Ventana irratsaioan (SER katea) Kirmen Uribek irailaren 13an egindako gogoetek. ETB1eko lehendakarigaien debateak Alfonso Alonso kanpoan utzi zuela-eta, eztabaida aireratu zuten Carles Francinok eta Isaias Lafuentek, ¿Si no hablas euskera, no debates? izenburupean. Planteamenduko lehen esalditik hasita, iradoki nahi izan zuten euskara normaltasunerako traba izan daitekeela. Baina lerdoak ez dira, bazekiten estatuko irrati jeneralisten irratsaioetatik aurrerakoiena dela eurena. Eta kontziente ere baziren kontraesan sakonean eror zitezkeela hizkuntzekiko diskurtso tolerantea eginez gero. Lau hizkuntza ofizial dituen estatu batentzat jardun arren, gaztelaniaz ari delako beti SER irratia. Eta, gainera, beste hiru hizkuntzetako hiztunei ez dietelako nahi duten hizkuntza hautatzen uzten bere irratsaioetan. Gauzak horrela, zer egin zuten? Euskal kulturgile ezagun batengana jo, jakinik beren tesia indartuko zuela. Ez zuten zalantzarik eduki. Uribek lehendik ere erakutsi baitzizkien Madrilgo hedabideei kredentzialak, guayismoaren euskal esponente fidagarri gisa. Adibidez, gizartearen zati bat legez kanporatu eta eskuin ustelduaren botoak jaso ostean, Lopezek lehendakari kargua hartu izanak zer eragin zion galdeturik egun polita izan zela erantzun zuenean (bere poesia aipatu zuelako hark).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.