Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Koherenteak, 'por supuesto'

2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Pilotariak, gaztelaniaz. Radio Euskadiko kirol sailekoak koherenteak izan ziren euskararekin historikoki aplikatzen ari diren politika baztertzailearekin, Altuna-Olaizola finalean. Muzin egin zieten bi pilotariek ETB1ko lankideei eskaintzen dizkien euskarazko adierazpenei, hiruzpalau minutukoei. Eta hori gutxi ez, eta ez ziren kapaz izan jasotzeko Altuna txapeldunak pilotalekuko ikusleei egin zizkien esker oneko hiruzpalau hitzak. Ez dira huskeria hiruzpalau hitz edo minutu horiek. Erabateko sinbologia daukate. Pertsonaia publiko erreferentzialek gizartean —eta batik bat gazteengan—daukaten proiekzio eredugarriagatik. Eta zer arraio, EITBko sortze-printzipioek lehentasuna ematen diotelako euskara sustatzeari. EITBko goi esferatan ez ote dago inor printzipio horiek irakurri eta saiatuko dena betearazten?

Sanchezen egitekoa. Hobe izango dugu espektatiba handiegirik ez jartzea Moncloako maizter berri dugun Sanchezekin, latza izan baitaiteke kolpea gainerakoan. Baina sikiera, egingarrien zerrendan, RTVEko albistegi eta tertulien sektarismoa indargabetzea —edo leuntzea—, jarri ahal izango ote dugu... Ikusi besterik ez dago ostegun-ostiraletan, nortzuek osatu zituzten tertuliak telebistetan (La1, La2, Canal 24 Horas) eta RN1 irratian (Los desayunos eta 24 Horas saioak). Gehienetan, lautik lau PPren orbitako iritzi emaileak izan ziren; soilik baten batean suma zitekeen PSOEren ingurukoa. Gehiegi amestea izango ote da aniztunagoa izatea tertulien osaketa? Are gehiago, tarteka, Kataluniako edo Euskal Herriko burujabe zaleen tesiak defendatuko dituen baten bat sumatzea? Espainia luze-zabalean irrati-telebista publikoa kontsumitzen duten herritarren osasun intelektualarentzat kaltegarria ote litzateke España-una-y-libre dogmari aurre egingo dion diskurtsoa eskaintzea?

Niri bost. Jasanezina zait esanera hori; gaia mahai gainean jarri kosk egiteko, eta «niri bost» entzutea solaskide baten ahotik. Atzo azkeneko aldiz izan zen, Jose Juan Ugaldek asteburuko Goiz Kronika saioan Begoña Errazti eta Jexus Mari Mujikarekin osatu zuen solasean. Oker ez banago, tertuliakideei ordaintzen zaie iritzia eman dezaten, gogoeta interesgarriak egin ditzaten, entzuleoi bide hausnartzaileak ireki diezaguten... Guri bost zeintzuk diren beren barruko sentimendu primarioak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.