Israelen erasoaldia Gazan. Ahmed Alnaouq. Euromed Rights GKEko kidea

«EBk badu gaitasuna Israelen giza eskubideen urraketak amaiarazteko»

Israelen erasoek, giza eskubideen urraketak diren heinean, «baldintzarik gabeko» gaitzespena behar dute, Alnaouqen ustez, eta hori ezin da egon bestelako interesen mende. Brusela interpelatu du, batez ere.

BERRIA.
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Gazan jaio eta hazi zen Ahmed Alnaouq (Gaza, 1994), baina Londres du bizileku, eta handik koordinatzen du We Are Not Numbers proiektua (ez gara zenbakiak), hildako, zauritutako eta hondamendia ezagututako palestinarren zenbakiei izena eta aurpegia jartzeko asmoz sortutako egitasmoa. Israelek Gazaren aurka 2014an egindako erasoaldian hil zen haren anaia, eta gertakari hark eraman zuen proiektua abiatzera, gatazka militarra «giza eskubideen eremuan» kokatzeko ahaleginean. Horrez gain, Euromed Rights gobernuz kanpoko erakundeko kidea da.

Atzerrian bizi zaren gazatar gisa, nola ari zara ikusten zure herrialdean gertatzen ari dena?

Beldurrez. Jaiki orduko, nire senideekin hitz egiten dut, eta lasaitua hartzen dut bizirik daudela jakitean. Egun batean erantzunik ez jasotzearen beldur naiz. Israel oso bonbardaketa bortitzak egiten ari da, eta ikara sortzen palestinarren artean. Hamasen eraikinak suntsitzen ari direla diote, baina hori ez da egia; zibilen kontra egiten ari da, eta hala erakusten dute datuek. Urteak beharko dira suntsitutako guztia berriz eraikitzeko.

Hilketek eta bonbardaketek dute oihartzunik handiena, baina, horrekin batera, okertzen ari dira bizi baldintzak. Nola ari da eragiten hori hango bizitzan?

Israelek Gazako blokeoa inposatu zuenetik, 2007an, bizi baldintzak etengabe okertu dira. Gazatarren beharrak ez daude aseta: joan-etorriak mugatuta daude, baliabideak eskuratzeko oztopoak daude, osasun ekipamendua lurraldean sartzea galarazten da... Ehunka palestinar hil dira azken urteetan beharrezkoa zuten osasun tratamendua jaso ezinda. Nazio Batuen Erakundeak argitaratu zuen txosten bat esanez Gaza ez zela bizitzeko modukoa izango 2020rako. Iritsi zen urte hori, eta palestinarrek sufritzen jarraitzen dute. Gazan dauden baliabideak ez dira nahikoa han bizi direnguztientzat. Arazo hori larriagotu egin du egunotako egoerak.

Giza eskubideen urraketen berri eman eta diplomazia lana egitea da zuen zereginetako bat. Botereguneetatik heltzen al da inolako ekintzarik edo erantzunik?

Erantzun batzuk jaso ditugu Europako Batasuneko estatu kideen aldetik; horietako batzuek Israel babesten dute inongo zalantzarik gabe, baina badira Israeli erasoak eteteko eskatzen diotenak. Edonola ere, EBren erantzukizun handiagoa eskatzen du egoerak: Israelgo armada babesteari utzi behar dio.

AEBak NBEren Segurtasun Kontseilua blokeatzen ari diren bitartean, posible al da gainontzeko gobernuek aurrerapenik egitea auzia konpontzeko?

Herrialde guztiek egin dezakete zerbait eskubide urraketak amaiarazteko. Erresuma Batuak, Italiak eta Alemaniak, adibidez, Israeli armak saltzen dizkiote, etaarma horiek berberek hiltzen dituzte palestinarrak. Brusela horren inguruan argi mintzatzea behar dugu. EBk badu gaitasuna Israelen giza eskubideen urraketak amaiarazteko. Ez dute, ordea, urratsik egiten esfortzu hori egiteko.

AEBekin duen harremanagatik?

Herrialde guztiek begiratzen diete AEBei, baina horrek amaitu egin beharko luke auzi honetan. Ekintzak behar ditugu, izan AEBen gustukoak ala ez. Palestinarren giza eskubideak errespetatzeak baldintzarik gabeko premisa izan beharko luke. Eta berriz ere nabarmendu nahi dut EBren rola, duen garrantziagatik: ezin da kikildu AEBen edo beste edozein gobernuren aurrean.

Israelen interes politikoen mende daude gazatarren giza eskubideak?

Halaxe da. [Benjamin] Netanyahuk palestinarren aurkako erasoak gogortzen ditu bere ospea handitu nahi duen aldiro, eta hori baliatzen du herrialdean batasun irudi bat emateko eta boterean mantentzeko. Horretara ohituta gaude, baina horrek ez dio kentzen larritasuna.

Nazioarteko Zigor Auzitegiak esana du gerra krimenengatik epaituko duela Israel. Itxaropen printza bat da zuentzat?

Hainbatetan jaso ditu halako akusazioak Israelek, baina ez du inolako erantzukizunik hartu. Eskubideak urratzen eta gerra krimenak egiten jarraitzen du. Duela bi hilabete ere Human Rights Watch erakundeak palestinarren aurkako jazarpena eta apartheid-a egotzi zizkion, eta begira orain zertan gauden. Nazioarteko komunitatea palestinarren alde jartzea: horixe behar dugu. Palestinak ez du indarrik bere kabuz soilik egoera iraultzeko: diplomatikoki ahulak gara, hedabideetan leku gutxi dugu... Horregatik, nazioartearen laguntza behar dugu. Palestinarren giza eskubideekin ez lerratzeak Israelen gizadiaren aurkako krimenekin lerratzea esan nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.