Koronabirusa. Ekonomia

Koronabirusaren krisiak gainditu egin ditu OCDEren aurreikuspenik ilunenak

Gobernuen eta banku zentralen arteko ahalegin koordinatua eskatu du Angel Gurria idazkari nagusiak. Mundu mailako Itun Berri bat nahi du

Irune Lasa.
2020ko martxoaren 22a
00:00
Entzun

Angel Gurria OCDEko idazkari nagusiaren ustez, koronabirusaren pandemia XXI. mendeko hirugarren shock ekonomiko, finantzario eta sozial handia da, 2001eko irailaren 11ko atentatuen eta 2008 finantza krisi globalaren ostean. Herrialde aberatsen taldeko ordezkariaren arabera, birusari aurre egiteko ezartzen ari diren neurri zorrotzak «inoiz ikusi gabeko izozte sakonera ari dira bultzatzen ekonomiak, eta suspertzea ez da izango ez zuzena, ezta automatikoa ere». Izan ere, kaltetutako herrialdeetako ekoizpena eten egin da, munduko hornikuntza kateak kaltetu, eta kontsumoaren jaitsiera gogorra ere gertatu da, konfiantzaren kolapsoarekin batera.

OCDEk hilabete hasieran ekonomiaren bilakaerarentzat egindako iragarpenetan jada aintzat hartzen zuen koronabirusaren eragina, eta, besteak beste, okerrenean, eurogunearentzat eta Japoniarentzat %1,5eko atzeraldia aurreikusi zuen. Baina bi asteren ondoren egoerak iragarpenak aise gainditu dituela aitortu du Gurriak.

Haren aburuz, «une honetan beharrezkoa da [II. Mundu Gerra osteko] Marshall planaren mailako anbizioa eta [AEBetan Depresio Handiari aurre egiteko ezarritako] Itun Berriaren antzeko bisioa, baina oraingoan mundu mailakoa izan behar du».

Okerrena pasatutakoan

OCDE buruaren ustez, krisia gainditu ahal izateko berebizikoa izango da gobernuen eta banku zentralen arteko ahalegin koordinatua. Horregatik, nahiz eta txalotu egiten duen G7ak agertutako elkarlanerako konpromisoa, argi utzi du hitzak eta borondateak ez direla nahikoa, besteak beste, «krisi ekonomiko handiak hor jarraituko duelako, osasun ikuspegitik okerrena pasatutakoan ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.