Euskal Herria kopa irabazi du Realak, Athleticen bolada etenda

Talde txuri-urdina 3-0 nagusitu da Azpeitian, eta bigarrenez izan da txapeldun. Maddik, Nahikarik eta Leire Bañosek sartu dituzte golak

Realeko jokalariak, Euskal Herria kopako garaikurrarekin, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Azpeitia
2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Ohitura hautsi du Realak Euskal Herria kopan, eta nola gainera. 3-0 gailendu zitzaion atzo finalean Athletici Azpeitian (Gipuzkoa), Garmendipen, eta berea da aurten Euskal Herria kopa. Bederatzi ekitaldi jokatu dituzte, eta bigarrenez irabazi du Realak titulua. Azkena, 2012an zuen lortua. Gainerako ekitaldi guztietan, Athletic izan da txapeldun, baina aise gailendu zen Reala oraingo honetan. Horrela, Gonzalo Arkonadak entrenatutako taldeak bigarren titulua lortu du hiru hilabetetan,joan zen maiatzean Espainiako Kopa irabazi ostean. Bestalde, Nahikari Garciarentzat izan zen finaleko jokalaririk onenaren saria.

Partida estua eta lehiakorra espero zen, eta ez zuten huts egin bi taldeek. Intentsitate handiarekin irten ziren zelaira, erasokor. Jokoaren ekimena izaten saiatu ziren biak, eta pixkanaka Athletic hasi zen baloia izaten. Hala ere, ez zuen min askorik egin Angel Villacampak zuzendutako taldeak. Zuri-gorriak zelaian erosoago zeudela zirudien, baina Realak eman zuen lehen kolpea. 31. minutuan, falta batetik erdiraketa gozoa jarri zuen Itxaso Uriartek, eta Maddi Torrek sareetara errematatu zuen, Athleticen defentsari aurrea hartuta. Bigarren golak ere izan zuen antzekotasunik. Itxasok beste falta bat jaurti zuen, eta oraingo honetan, Nahikari Garcia izan zen baloia ate barrura bidali zuena, buruz; 37. minutua zen. Alde jarri zitzaion partida Realari, eta lehen zatian ia erabakita utzi zuen norgehiagoka.

Bigarren zatian, partida iraultzeko asmoarekin irten zen Athletic. Ez zion askorik iraun, ordea, saiakerak, Realak sartu baitzuen berriro gola 55. minutuan, hirugarrena. Leire Baños izan zen protagonista. Presio altua egin zuen aurrean talde txuri-urdinak, baloia berreskuratu zuen, eta urrutiko jaurtiketa eder batekin sartu zuen 3-0ekoa Leire Bañosek. Ordu erdi baino gehiago falta zen oraindik, baina erabakita zegoen jada neurketa. Are gehiago 76. minutuan, epaileak txartel gorria atera zionean Vanesa Gimberti. Ezinen aritu zen hortik aurrera Athletic, fisikoki lehertuta. Realak, berriz, gozatu egin zuen. Izan zituen errenta handitzeko aukerak, baina ez zen gol gehiago egon. Ezta behar ere. Aurretik egindako lanak balio izan baitzion Euskal Herria kopako titulua altxatzeko. Bi aste barru hasiko da liga. Prest da Reala. Athleticek, ordea, badu zertan hobetu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.