Baskonia kuluxkatik nola esnatu den ikusteko ordua

Danel Agirre.
2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Gaurko ACB ligako final-laurdenetako kanporaketako lehenengoa (20:15), sasoiko 72. partida ofiziala du Baskoniak. Haren lehiakide Zaragozarentzat denboraldiko 35. norgehiagoka da. Hegazkinez 70.000 kilometrotik gora egindakoak dira dagoeneko gasteiztarrak. Porfi Fisacenak, ordea, hamarrenen bat. Vincent Poirierrek ia 1.700 minutu eman ditu kantxan orain arte; Baskoniako beste zortzi jokalarik ere gainditu dute mila minutuen langa. Zaragozan gehien jokatu duenak, Renaldas Seibutisek, 826 baino ez daramatza zangoetan.

Parean egokitutako aurkaria baino gehiago, bere nagiak izango dituzte aurkari nagusi Velimir Perasovicenek. Europan lehiatu direnek deskonpresio fase bat igaro behar izaten dute ACB ligako azken txanpari aurre egin baino lehen. Txapelduna lozorro horretatik egokien suspertutakoa izaten da sarri, eta ez ligako talde ahaltsuena. Maiatzeko abulia horrek Baskonia indargabetu izan du sarri. ACBko kanporaketetako desengainuak tradizio bilakatu dira ia. Kontrako adibiderik ere bada, zorionez: azkenekoz titulua irabazi zuen urtean, 2010ean, Euroliga aise irabazi eta sasoi erregularra 31-3 markarekin amaituta zetorren Rubio, Navarro, Mickeal, Morris eta Lorbeken Bartzelona hartu zuen mendean. Finalera onenean ailegatu zen Baskonia, ezinbestekoa den eta Xavi Pascuelenek nahita ere berdindu ezin izan zuten tentsioarekin.

Azkenaldian, Johannes Voigtmann eta Marcelinho Huertasek akidura zantzuak igorri dituzte. Behingoagatik pieza mordoxka du eskura Perasovicek, eta guztiak bere mailarik onenera itzultzeko modua topatzea tokatzen zaio. Kanporaketei begira, Matt Janningen fitxa indarrean jarri eta Jalen Jonesena baliogabetu du.

Ondo bidean, Zaragoza estualdi apartekorik gabe adoregabetu behar luke Baskoniak. Lanak azken laurdenerako uzten ez baditu, are eta hobeago. Sei puntu baino tarte txikiagoarekin ebatzitako hamasei norgehiagokatik 11 irabazi ditu Zaragozak. Fisacek ondo merezitako estreinaldia du ACB ligako kanporaketetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.