Maddi Oihenart. Abeslaria

«Askotan aritzen naiz oihanean bakarrik kantari»

Joxemi Saizar.
2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Oraingoz, Urmugako hiru emanalditan hartu du parte Maddi Oihenart kantari zuberotarrak: Dima, Urbia eta Aizpearro. Bakarka, bere taldearen laguntzaz, Et Incarnatus orkestrarekin eta beste zenbait abeslarirekin.

Nola sortu zitzaizun Urmugan parte hartzeko aukera?

Urteetan aritu naiz hauei eta beste batzuei esanez mendian egin behar ditugula kontzertuak. Proiektu hau horixe da, eta gonbidapena jaso nuenean oso pozik onartu nuen.

Zergatik mendian?

Gustatzen zait mendia. Zoragarria da: mendia, musika eta jendea. Elkarrekiko gauza bat da.

Baltzolan aritu zinen lehenbizi. Zer iruditu zitzaizun kontzertua?

Oso ederra. Argi oso polita zegoen, eguraldi oso ona, jendea lasai- lasai eserita. Orkestra hasi zenean, bakoitzaren buruan argia sortzen zela ematen zuen. Oso hunkigarria eta pozgarria izan zen.

Eta Urbiakoa?

Haizea lagun izan genuen. Desberdina izan zen, nire errepertorioa, ohiko musikariekin...

Aizpearron ere abestu zenuen.

Toki ederra iruditu zitzaidan. Bakarrik kantatzeaz gain, lehendik ezagunak nituen Xendarineko Ahizpekin kantatzeko aukera izan nuen.

Lehendik ere mendian kantatu izan al duzu?

Aspaldi hasi ginen Zuberoan horrelako jaialdiak antolatzen. Eta gure hastapeneko lagunekin diskoak ere grabatu genituen mendian, Arbailetan. Ibilaldiak antolatzea gustatzen zitzaigun, hitzaldiak eta kantaldiak zituztenak.

Tolosan ere izan zara, Et Incarnatus orkestrak Urkizun antolatzen duen solstizio kontzertuan.

Bai, izan naiz. Ederra da.

Mendian gustura aritzen zara, beraz.

Bai, askotan emanaldirik ez dagoenean, bidexka bat hartzen dut eta oihanean kantatzen dut bakarrik, etxe inguruan. Gauza bakoitzak hartzen du zerbait eta kantua ez da bakarrik kantariaren gauza, bere inguruarena ere bai:une horretan izadiak zer erantzun ematen dizun eta nolako elkarrizketa den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.