Athleticek irabazi beharra dauka, Europarako trena ez galtzeko

Zuri-gorriek sendo jarraitu gura dute San Mamesen, baina Rayok salbazioa dauka jokoan, eta ez du erraztasunik emango

Iñaki Williams. MIGUEL TOÑA / EFE.
haritz gallastegi
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Porrot bat ahazteko modurik onena hurrengo partida irabaztea da. Gauza jakinekoa da. Zaplazteko bat hartzen denean, lehenbailehen jokatzeko desiratzen egoten dira futbolariak. Horrela daude Athleticeko jokalariak: gaur San Mamesen zelairatu eta Rayo Vallecano mendean hartzeko irrikan. Hala ere, Getafen (Espainia) galdu izanak ez du esan gura zuri-gorrien artean etsipena edo konfiantza falta dagoenik. Laugarren postua eskuratzeko lehian sartzeko aukera barik geratzea kolpea izan zen, baina, era berean, hankak lurrean jartzen lagunduko du, Athletic hiru garaipen kateatuta zetorren eta. Hala ere, Europatik kanpo ekin zion aurreko jardunaldiari. Ez da ahaztea komeni nondik datorren taldea. Beti ezin daiteke irabazi. Talde indartsuenek ere ez dute egiten.

Athletici ezin zaio Txapeldunen Ligako postu bat lortzeko eskatu, merke egonda ere ez. Europako ligan sartzea ere ez litzateke obligazioa izan beharko. Hala ere, gauzak ondo egin eta borroka horretan egotea izan daiteke zuri-gorrien langa. Eta hala ari da. Taldeak mailari eusteko lanak izango zituela zirudienean aurrera egin du, eta bete-betean sartu da lehia horretan. Zer esanik ez zazpigarren postua lortzen duen taldeak datorren sasoian Europan aritzeko aukera handiak dituela aintzat hartuta. Baina beste sei taldek ere asmo bera dute. Beraz, ez da denentzat tokirik egongo

Azken jardunaldira arte aukerak izateko eta jokalarien eta taldearen ilusioa bizirik mantentzeko, ezinbestekoa da amaitu bitartean etxean jokatu beharreko hiru partidak irabaztea. Gaizka Garitanoren taldea lehiakorra da oso zaleen aurrean. Lan ona ari da egiten, eta premia duenean falta zaion apur hori lortzen du zaleen hauspoari esker. Harmailak ez baitute partidak irabazten, baina garaipenaren bidean bultza egiten dute.

Baina gaurko bisitariak Athleticek baino gehiago dauka jokoan. Rayo Vallecanok hiru puntura dauka salbazioa. Hil edo bizi ari da. Gainera, badirudi entrenatzaile aldaketak mesede egin diola. Michel oso maitatua da Vallecasen, baina Paco Jemezek han utzitako arrastoa ez da makala, eta badirudi taldeari indarra eman diola. Hori bai, inork ez dezala pentsa egungo Rayok Jemezen aurreko aroan adina arriskatzen duenik. Praktikoagoa da orain. Mikel San Jose zigortuta dago, beraz, Beñat Etxebarria hamaikakora itzuliko da. Ez dago argi nork ordezkatuko duen Ibai Gomez.

ATHLETIC-RAYO VALLECANO

Athletic. Herrerin; De Marcos, Yeray Alvarez, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Beñat, Muniain, Raul Garcia, Cordoba; eta Williams.

Rayo Vallecano. Alberto; Advincula, Ba, Amat, Tito; Mario, Medran, Pozo, Bebe, Alex Moreno; eta De Tomas

Epailea. Martinez Munuera.

Lekua. San Mames (53.000 ikusle).

Ordua. 14:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.