KRITIKA. Websaila

Garai guztietan bazterrak nahasten

Iñaki Torralbo, Yerai Vazquez eta Iker Zarate websaileko aktore protagonistak. A FILM TO KILL FOR.
urtzi urkizu
2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun

'Denboran bidaiatzeko gida osoa'



Sortzaile eta zuzendariak: Rose of Dolls eta Oliver Mend. Aktoreak: Iker Zarate, Yerai Vazquez, Iñaki Torralbo, Ane Lindane, Irati Herreros, Irantzu Nuñez. Atalak: 8. Non ikusi: afilmtokillfor.com/denboran/.

Taberna batean daude websaileko hiru mutil protagonistak. Telebistan aurkezle xelebre batek iragarri du pandemia bat datorrela. Konfinamendua tabernan egin beharko dutela ere bai. Ez dira tabernatik mugituko istorio osoan, baina denboran ibiliko dira, aurrera eta atzera. Denboraren makina xelebre bat bilakatuko dute mikrouhin labea. Frikia eta umoretsua da Denboran bidaiatzeko gida osoa.

Frikia izatea zentzu onean aldarrikatu ohi dute A Film to Kill For ekoiztetxeko Rose of Dollsek eta OIiver Mendek —haiek dira websailaren sortzaileak—, eta, kasu honetan, muturreraino eraman dute frikismoa.

Protagonisten arteko solasaldiak zinema munduko erreferentziaz beteta daude, etengabe ari baitira pelikula honetaz edo hartaz solastatzen. Filmek eragiten dizkieten sentimenduen zurrunbiloan daude murgilduta, batez ere aurreneko ataletan. Denboraren polizia bat —emakumezkoa eta alemaniar azentuduna— agertzen denean hartzen du istorioak beste jite bat, eta protagonistak hamarkadaz hamarkada bazterrak nahasten ibili izana konpondu egin beharko dute.

Badira momentu batzuk, non aktoreren bat ageri den buruz ikasitako esaldia jaurtitzen naturaltasun gutxirekin, eta bada momenturen bat zinemazale amorratua ez den ikus-entzulea galdu egin daitekeena etengabeko erreferentzia zinematografikoekin. Baina, edonola ere, aitortu behar da espazio bakar batean —taberna— garatuko den zortzi ataleko istorioa entretenigarria dela. Aitortu behar da baita ere euskarazko frikismoak halako ekoizpen gehiago behar dituela, gazteek —eta ez hain gazteek— euskarazko fikzioak zerbait erakargarritzat jo dezaten. Biraoak, taberna giroko kontuak, hamarkada bakoitzari dagokion jantziteria eta estetika, denboran bidaiatzea... erakargarriak izan daitezke ikus-entzule gazte askorentzat. Hartaz, ondo legoke diru publikoz ekoizpena lagundu duten erakundeek websail hau, eta beste batzuk, zabaltzeko ahalegin handiagoa egingo balute.

Pena da, bestalde, protagonisten elkarrizketetako erreferentzia zinematografikoetan euskarazko filmik ez agertzea. Telesailen kasuan ere, tankera: izan ere, umoretsua da Lost eta Game of Thrones telesailen amaierarekin txantxak egitea, baina solasaldi horietan Goenkale, Jaun eta jabe edo Brinkola aipatzea ez legoke soberan.

Gabeziak gabezia, Denboran bidaiatzeko gida osoa-k euskarazko websailetan —bestelako fikzioetan ere, bidenabar— orain arte gutxi landutako genero bati leihoa zabaltzen dio: umorezko zientzia-fikzioa. Ez dira horretarako aurrekontu oso handiak behar, gaur egun. Funtsezkoa da, ordea, gidoiak eta elkarrizketak txukunak izatea, eta horretan asmatu dute Rose of Dollsek eta Oliver Mendek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.