IRITZIA

Normaltasunik ezean ere sasoitsu

2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Ohiko ziklo guztiak berreskuratuta, arduradunek diotenez normaltasunerako bidea hartuko duen Musika Hamabostaldia izango da aurtengoa. Kursaalak kontzertu handiak zein nazioarteko bakarlarien errezitalak bilduko ditu: 11 programa aukeran, sarrerak agortuta kartela ziurtatzeko modukoak. Atzerritik, jaialdiari oso ezagunak zaizkion bi orkestra bikain: Luxenburgoko Orkestra Sinfonikoa, Yuja Wang pianista apartarekin batera, eta Budapest Festival Orchestra, Darius Milhaud eta Zoltan Kodalyren musikaz. Programa sinfoniko-koralak ere itzuliko dira, Donostiako Orfeoiaren eta Easo Ahots Mistoen Abesbatzaren eskutik Euskadiko Orkestraekin lehenengoa, Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin bigarrena, betiko errepertoriotik ihesi.

Pianoaren eta biolinaren mitoak ere izango dira kubo handian: Grigori Sokolov iazko kontzertua bertan behera uztearen mikaztasuna estaltzeko itzuliko da F. Chopin eta S. Rachmaninovekin, Elisabeth Leonskajak J. Brahmsen pianorako 2. kontzertua ekarriko du Galiziako Orkestra Sinfonikoarekin batera, Mitsuko Uchida eta Anne Sophie Mutter maistrak lehenengoz izango ditugu Hamabostaldian.

Musika garaikideak hiru hitzordu izango ditu, Kursaaleko erabilera anitzeko aretoetara bueltan. Ziklo motza aurtengoa, Olivier Messiaenen Denboraren amaierako laukotea obraz gain, erabateko bi estreinaldi bilduko dituena, Hamabostaldiaren berariazko enkarguak: Felix Ibarrondoren Au-delà (2020) eta Zuriñe Fernandez Gerenabarrenaren Harri, Haize, Harea (2021).

Iaz anfitrioi eskuzabala izan zen San Telmo museoa aurten antzinako musikaren zein kamera musikaren eszenatokia izango da, tartean direla, besteak beste, Aaron, Daniel eta Pablo Zapico anaien Forma Antiqva proiektu artistikoa eta aurtengo Tenor Viñas lehiaketa irabazi duen Carmen Artazaren errezitala. Gainera, Conductus Ensemble taldeak Donostiako Santa Maria elizara eramango du J. S. Bachen obrez osatutako programa.

Oker dabil aurten opera eskaintzarik egongo ez dela uste duena; izan ere, Musika Hamabostaldiak propio ekoiztu duen Hirira proiektuaren erabateko estreinaldia ikusgai izango da Viktoria Eugenia antzokian, hiriaz hausnartzeko Paul Hindemithen piezak eta Easo Abesbatzako haurren ahotsak eta ideiak taulara ekarriko dituena. Dantzaz ere gozatzeko parada izango da eszenatoki berean.

Jaialdiaren inaugurazio eguna abesbatza-musikaren ondarea ospatzeko ekitaldia bihurtuko da, gaur bertan izango baitira Kup, Suhar, Andra Mari eta Euskal Herriko Gazte Abesbatza.

Gure beste altxorrek, organoek, iaz etortzerik izan ez zuten interpreteak hartuko dituzte Gipuzkoako elizetan barrena, aldi berean ziklo etxekoena eta nazioartekoena osatuz.

Denera, 75 kontzertu zabalduko dira hainbat herri eta eskualdetan, askotariko osaketak eta errepertorioa eskainiz. Egitura ekonomikoan zein sozialean bistako kalteak eragiten dituzten aforo murrizketak normaltasun falta nahikoa badira ere, egitarauari begira badirudi Hamabostaldiak sasoi onean ekingo diola bideari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.