'Bidean ikasia'

Ezinbesteko lekukotasun literarioa

Idazlea: Arantxa Urretabizkaia. Argitaletxea: Pamiela.

2016ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Arantxa Urretabizkaiak alardearen inguruko gertakari eta ingurumariak jorratu ditu Bidean ikasia liburuan. Generoari dagokionez, saiakera, kronika literario edota autolaguntza liburu gisa ere irakur daiteke, lekukotza propioak, idazketa kritikoa, barne eztabaidak eta irakurlearen posizionamendua sustatzen dituen neurrian, tonu intimo bezain argi bati esker, gainera. Baina, oro har, nobela bat dela esan behar da, edo irakurle honek hala irakurri du bederen; hori bai, irakurketa pausatua eskatzen duen kontakizuna da, inondik ere.

Liburuaren azpitituluan (1993-2016) zehaztu izanagatik, 1992 urrun hartako lehen pausoetatik abiatzen du kontakizuna Urretabizkaiak (nahiz eta hasieraren hasieraren hasierak urrunago ere atzeman; Whatsapp bidez ere iritsi zaidan pasartearen mezuak aditzera eman didanez), eta alarde parekidearen aldarrikapenaren nondik norakoak bildu ditu, atal labur bezain sakonetan. Eta borroka hori (eta beste barne borroka asko) hain hurbiletik kontatzen saiatzea —neutraltasun ekidistante osoz aritu gabe bada ere, distantzia jakin batetik kontatzea— idaztankera zintzo bezain egiatia lortuz ekarpen bat da bere horretan. Pertsonala, politikoa bezain literarioa eta polifoniko bihurtzen baita Bidean ikasia.

Era berean, esplizituki adierazitakoak irakurtzeaz gain, lerroartekoa irakurtzea ere sustatzen du idazleak, eta, ondorioz, esango nuke testuak ahalegin sortzailea exijitzen edo interpelatzen diola norbanakoari, esan gabekoen eta iradokitakoen arteko hutsuneak betetzeko premia sentituko baitu liburuari lotzen zaionak. Helburua, ordea, ez da irakurlea konbentzitzea, baizik eta ikuspegi zehatz bat azaltzea gertaera kate ulergaitz baten inguruan.

Neu ere 9 urterekin jabetu nintzen danborra (edota atabala, nire kasuan) joz desfilatzearen behar terapeutiko-aldarrikatzaileaz (ikus, bestela, azkenaldian hainbeste ugaldu diren emakume ahaldunduen kale-perkusioko taldeak), eta kantineren (edota banderadunen, nire kasuan) rolak eta zuzendarienak ia betidanik izan ditut jo puntuan. Baina bakoitzak egin dezala bere irakurketa politiko-afektibo-ideologikoa, nahiz eta liburu honekiko jadanik izango diren aurreiritzi negatiboek balizko irakurle kutsatu horri bakarrik egin kalte... Beldur barik edo galtzeko gutxi duenaren begiz eta eskuz idatzi baitu Urretabizkaiak ertz askoko kontakizun hau, era eskuzabal, enpatiko eta ulerkor dotorean.

Izan ere, esan dut Urretabizkaiaren lan berria nobela bat dela, eta berresten dut, errealitatea irakurtzen aritu naizela jakitun izanagatik, fikzioak soilik eman dizkidakeen giltzarrien ildotik ulertu ditudalako narrazioan kontatutako kontu asko. Eta errealitatea fikzio gisa interpretatzera ere iritsi naiz, eguneroko (edota urteroko) borrokak (kanpokoak zein norberaren inguru hurbilekoenak) liburu hau bezain ongi irakurtzeraino kasik. Orain arte egunkarietatik, irrati-telebistetatik edota prentsa hori eta txutxumutuetatik besterik ez nekienari ahotsa eman baitio idazleak Bidean ikasia ezinbesteko lekukotasunean, eta bai ederki asmatu ere. Eta nobelaren amaiera aldez aurretik jakin arren, amaieraren amaieraren amaiera itxi gabe dago oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.