KRITIKA. Dokumentala

Inoizko futbolari onenaren miraz

Pele, 1.301 gol sartu eta hiru Munduko Kopa irabazi zituen futbolaria. Ez du inork historian halakorik errepikatu. NETFLIX.
urtzi urkizu
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun

'Pelé'



Zuzendariak: David Thryron eta Ben Nicholas. Iraupena: 108 minutu. Non ikusi: Netflix.

Zintzo mintzo da Edson Arantes do Nascimento, Pelé, erantzuten duenean bere bizitzarekin «normal» jarraitu zuela, futbolean-eta, Brasilen estatu kolpe militarra gertatu zenean (1964). Eta, ondotik, diktadura eta berunezko urteak heldu zirenean, 1985era arte. Pele: «Ea zer egin behar nuen bestela. Politikari guztiek eskatzen zidaten beren alde egiteko».

Futbolaren historian egon den jokalari onenetakoaren —onena ez bada— inguruko dokumentala estreinatu du asteon Netflix plataformak: Pelé. Brasildarra futbolari izan zeneko garaiak dira ardatz, testuingurua alboratu gabe. 1960ko eta 1970eko hamarkadan Brasilen izan ziren gertakariak azaletik ezagutzeko modua ematen du lanak, ez gehiagorik. Ekoizpenaren zabalkunde masiboarekin, dena den, interesa pitz diezaioke ikusle bati baino gehiagori Amerikako hegoaldeko herrialdean gertatu ziren estatu kolpe militarrak eta bi hamarkadako diktadurak.

Urrian bete zituen 80 urte Pelek. Gurpil aulki batean dago. Baina ez du buruan pitzadurarik futbolari garaiko urteak gogoratzen dituenean. Hunkitzen da. Dokumentalerako, zortzi elkarrizketa luze grabatu zizkioten, 2018ko urritik 2020ko urtarrilera. Zukua ateratzen diote David Thryton eta Ben Nicholas zuzendariek. Elkartzen dute Pele, gainera, gazte garaiko taldekide batzuekin, eta irribarrea eragiten dute haien arteko txantxek.

1958ko, 1962ko, 1966ko eta 1970eko Munduko Kopak dira dokumentalean hari narratibo garrantzitsuena. Futbolzaleak kateatuko dituzten irudiak txapelketa horietako partidetan daude: 17 urteko jokalari hasiberria zen Pele Suediako Munduko Kopan, eta mundua zur eta lur utzi zuen; Txilekoan lesio bat izan zuen, baina Brasilek bigarren txapelketa bereganatu zuen; Ingalaterrakoan, kale egin zuen taldeak lehen fasean Hungariaren eta Portugalen aurka —ostiko bortitzak eman zizkioten atzelariek Peleri—; eta Mexikoko txapelketan, ia inork espero ez zuenean, hirugarren kopa irabazi zuten Pelek eta Brasilek, sekulako erakustaldia emanda. Txapelketa horietako jokaldi eta momentu garrantzitsuenak taldeko zenbait jokalariren iruzkinekin tartekatzen dituzte, ikuslearen esperientzia aberastuz.

Txapelketa bakoitza irabazten zutenean edo porrot bat izaten zutenean, Brasilgo gizarteak nola erreakzionatzen zuen ere ageri da dokumentalean. Nabarmen geratzen da futbola kirol bat baino gehiago dela herrialde horretan: sentimendua eta pasioa direla. Nahiz eta, agian, ez den oso argi gelditzen faveletan nola egiten duten futbolean edota zein pobre bizi diren Brasilgo milioika herritar.

Ez da dokumental generoko harribitxi liluragarri bat, baina futbolzale gehienak gogobeteko dituen lana da Pelé.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.