Arrauna. Kontxako Bandera

Ez lehorreratu oraindik

Hondarribia, Zierbena, Orio, Getaria, Kaiku, Urdaibai eta Ondarroa sailkatu dira banderaren lehiarako. Getaria, bakarrik, 1973tik zegoen sailkatu gabe. Urdaibai 2,48 segundogatik ez da geratu kanpoan

Getariako trainerua arraunlariak pozarren direla, atzo, Donostiako arrapala zapaldu aurretik. ANDONI CANELLADA/ FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Kontxako badiak zenbat traineru ez ote ditu ikusi bandera historikoaren eta preziatuaren bila 1879tik. Ezagunak egingo zaizkio datorren igandean azalduko zaizkien zortzi taldeetatik zazpi. Hondarribia segurua da azkenaldi luzean; Zierbenak ere ohitura hartu du; Orioren inguruan ez dago hitzik; Kaikuren berri ere ondo daki mende berriak zaharrari buelta eman zionetik; eta Ondarroa zein den duela hiru urte gogoratu zuen. Getaria egingo zaio arrotza. Olatu asko joan-etorri baitira 1973tik; atzo azaldu zen kulunka eta haizea, kasurako. Orduan sailkatu zen azkenekoz, trainerua bere izenean bakarrik aterata. 2001ean, Zumaiarekin bikoa eginez, sailkatzea lortu zuen.

Paternina-Indaux traineru hark hirugarren egin zuen sailkatze estropadan, eta tostetan zen Jon Larrañaga, orain Getariako arraunlari eta entrenatzaile dena. Bakarra da arraunean segitzen duena traineru hartatik. Gerora ere aritu izan da Kontxan, baita irabazi ere bandera preziatua. Baina atzokoa bezalako lorpenik...

Eta ezustetzat ezin hartu Getaria sailkatzea; ezta laugarren egitea ere. Igo berria izanagatikEusko Label ligan, bosgarren dago, eta atzoko estropadarako barruan jotzen zuten aurreikuspen ia guztietan. Akaso, baten bat ibiliko zen begia oker jarrita. «Denboraldiari ginga jartzea da hau», esan zuen Xabier Goikoetxea presidenteak. Esperantza traineruak helmugako baliza zeharkatu eta berehala, gainezka egin zuen gizonak. Klubetako ordezkarien tribuna atzera jaitsi, eta eskuak eta besoak astindu zituen. Garaipena. Segituan atera zitzaizkion malkoak, eta jarioa ezin etenda ibili zen irrati kate bateko kazetariak zuzenean elkarrizketa egin zionean ere.

Bitartean, uretan, arraunlariak antzeko aldartean zeuden. Tente traineruaren barruan, elkar besarkatzen, eskuak eta besoak gora. Harrobiko eta etxeko arraunlariz jositako arraunlariak nola ez ziren ba pozez txoratuko. Beste kirol batzuetan ibilitakoak badira hor; herriko Keta futbol taldeko bigarren taldea sortu zuten pare batek, adibidez.

Horiekn batera zen 2013an Andoni Galarraga atezaina. Futbola utzi eta gero arraunean hasi zen. Lan istripu batek bizitza lapurtu zion arte iazko maiatzean. Ez dago hemen, baina traineruaren barruan segitzen du modu batera edo bestera. Hargatik ere izan zen atzoko lorpena.

Lehorreratu zen halako batean Esperantza Donostiako arrapalan. Txaranga eta guzti joan ziren zaleek nahi baino nekezago, ziurrenik. Bazen han gogoa arraunlariak ikusi, ukitu eta besarkatzeko. Etxekoak, lagunak eta bikoteak. Horiek lehorrean utzi, eta boga-boga egin zuten arraunlariek eta Unax Eizagirre patroiak estropadan. Itzuli ziren arrantzarik oparoena traineruan zutela, eta lehorreratu ziren, duela 500 urte lehorreratu zen beste getariar hark ekarri zuen baino itxura hobearekin. Datorren asteartean ospatuko dute herrian Joan Sebastian Elkanoren munduko biraren ospakizuna. Atzo arraunlariek egindakoaren albisteak ez dio munduari bira emango, baina arnasa da arraunarentzat. Eztabaidak eta xextrak berriz ere hartu duten kirol eder horren esentziari eustea, nolabait. Ez lehorreratu oraindik, arraunlariok, segi uretan urte batzuetan, uda honetan bezala boga eta boga.

Getariarren poza hainbestekoa zeukaten ondarroarrek atzo. Sailkatuta berriz ere hiru urteren buruan. Orduan, azkarrenak izan ziren sailkatze estropadan. Atzo, zazpigarrenak. Cabo, zortzigarrena, 2,10 segundora. Hain ezagun duen amildegia gertu izan zuen atzo ere Iñaki Errastiren taldeak, baina barruan da oraingoan. Zale asko ziren atzo Donostian, eta herriko abesti ezagunarekin gozatu zuten arranpala inguruan Antigoako Ama trainerua azaldu zenean. Marinela etorri da, eta ametsa gauzatuta beste behin ere. Arraunlariak ere kantari ziren.

Ezin hori egin Errastik. Berehala deitu zioten dopinaren aurkako kontrola pasatu behar zuela. Han joan zen antolakuntzako kide batek lagunduta Aquariumeko eskaileretan gora. «Aupa, Iñaki!», oihuen artean igo zituen. Zaleen esker ona.

Sartzeko aukera dezentekoa Kaikuk zeukan, eta ez zuen hutsik egin. Denbora onenetan seigarrena egin, eta barrura Jose Luis Kortaren kuadrilla. Iaz, KAE 1 ligan, eta aurten, Eusko Label ligan airoso, eta Kontxa jokatzen.

Zazpi talderentzat bakarrik egoten da poza atzoko egunez. Eta faborito handienentzat, poza ez baino lasaitasuna izaten da. Baina ezberdina hegan egin zuen Hondarribiarena eta Oriorena, eta bigarren izan zen Zierbenarena; uda eskasa egiten ari da, eta pixka bat txukundu zuen atzo. Hondarribiak txiki utzi zituen Zierbena, Orio eta batez ere, Urdaibai. 2,48 segundora izan zuen erabateko deskalabrua, bosgarren.

Igandeko txandak

Estropada bukatu eta berehala egin zen lehen igandeko txanda zozketa. Aurrenekoan joango dira Hondarribia, Orio, Getaria eta Kaiku. Bigarrenean, aldiz, beste lau traineru hauek: Zierbena, Urdaibai, Ondarroa eta sailkatua zegoen Donostiarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.