KRITIKA. Musika

Grisa argituz

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren entsegu bat, maiatzean. JON URBE / FOKU.
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua:Agur Jaunak eta Andreak eta F. Mendelssohnen 3. Sinfonia. Lekua: ETB2 eta EOSen Youtubeko kanala. Eguna: Maiatzak 30.

Duela bi aste, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak jarduerari berriro ekiteko zuen asmoaren berri eman zuen bere sare sozialen eta komunikabideen bidez. Estatu mailan lehena izan da agertokian berriz ere biltzen. Entseguak berreskuratu soilik ez, Euskadiko Orkestra Martxan! izeneko denboraldi berezia aurkeztu dute, aldez aurretik euren egoitzan grabatutako zortzi kontzertuz osatuta, larunbatero ETBn eta gero orkestraren beraren Youtube kanalean ere ikusgai izango dena. Larunbat honetako kontzertua, urrutiko denboraldi honetan lehena, Agur Jaunak eta Andreak ezagunak ireki zuen handikiro, Jose de Olaizolak orkestrarako egindako moldaketan.

Londresen zela, 1829. urtean, Felix Mendelssohnek Eskoziara egin zuen bidaia, eta bertan, Maria Estuardo koroatua izan zen kaperaren hondakinen artean zela, irudikatu omen zituen sinfonia berri baten lehen konpasak, gerora Eskoziarra deituko zen bere 3. Sinfonia osatzen dutenak, hain zuzen. Euskadiko Orkestrako musikariek gustu onez ekarri zuten gogora Eskoziaren zeru grisa eta lainoa, eta lan ederra egin zuten Allegro un poco agitato zatiaren gaia aurkezten. Ia atsedenik gabe gidatu gintuen Robert Treviñok bigarren mugimendura; klarinetea eta, orokorrean, zurezko haize-instrumentuak nabarmendu ziren Scherzo bizian. Samurtasun goxoz gidatu zuten sokek Adagioa, Treviñoren keinu apala lagun, orkestraren fortissimo-an tronpek eta tronpetek dramatismo sendoa eta ziurra gehituz. Soinuaren eta instrumentuen kolorearen ñabardurei grabaketak eta etxeko teknologiak ezartzen dizkien oztopoen gainetik, azken mugimenduan orkestrak landutako soinu trinkoa antzeman zitekeen, R. Schumannek italiartzat hartu zuen sinfonia Allegro maestoso assai argitsu eta distiratsuaz itxiz.

Euskadiko Orkestraren egoitza eraberrituta ere, telebistako irudietan besaulki hutsak ikusteak denborak higatutako harriek sortzen dutenaren mailako ezinegona pizten du. Edonola ere, etxeko intimitatetik txalo, musika klasikoaren gelak egurasten hasi izana ospatzeko nahikoa arrazoia baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.