Mirari Martiarena Iraola.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Xorroxin

2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Astehonetan argitaratu dira Estudio General de Medios EGMren urteko lehen neurketak. Inkesta horiek gezurra zirela pentsatzen nuen, orain hilabete niri galdetegia erantzutea tokatu zitzaidan arte. Gazteak eta Euskadi Irratiak 100.000na entzule dituzte eta iruditzen zait datu horiek badutela zerikusia egiten duten lan onarekin, konfiantzarekin eta leialtasunarekin. Irratiko frekuentzia aldatzea iruditzen baitzait mundu honetan dagoen gauza nekezenetakoa.

Baina aste honetan egunero entzuten dudan irratiari atseden eman eta irrati harremana zabaldu dut. Gipuzkoatik Nafarroara joatea hain zaila den garai hauetan, Baztanera (Nafarroa) egindako bidaia aprobetxatu dut Xorroxin irratia entzuteko. 40 urte bete zituen martxoaren 19an Baztan, Malerreka eta Bortzirietako irratiak. Inor gutxik pentsatuko zuen Erratzuko gazte kuadrilla batek Jugoslaviara egindako bidaian sortutako ideia bizirik izango zenik berrogei urteren ondoren.

Ob-la di, ob-la-da kanta izan omen zen jarri zuten lehen abestia eta ordutik denetariko doinuak izan dituzte Xorroxin irratian. Denetariko doinuak eta denetariko garaiak, baina hortxe eusten diote eguneroko jardunari. Xorroxin irratia entzun nuen tarteetan tokiko kontuak izan ziren nagusi, nahiz eta eguerdi aldera Euskal Herriko albisteei ere tartea egin. Herrietako kronikak, kirol emaitzak, elkarrizketak, zorion tartea, merkatu ttikia, eguraldia... Ez nuke jakingo esaten zenbat kolaboratzaile entzun nituen, baina kalkuluak egiten hasi nintzen eta herri zein elkarte bakoitzean kronikak egiteko lagun bana baldin badute, armiarma askok nahiko luketen sarea dute.

Gehien harritu ninduen gauzetako bat duten iragarki kopurua izan zen. Tarte gehienek euren babeslea zuten, eta bestelakoetan ere, mota guztietako establezimenduen publizitatea entzun nuen Fernando Anbustegi, Marian Iñarrea, Josetxo Apezetxea, Nerea Alzuri, Julen Zelaieta eta Mari Karmen Irungarairen ahotsean. Ez da seinale txarra, horrek esan nahi baitu bertakoek konfiantza badutela euren irratian, eta Xorroxin eurena sentitzen dutela.

Urteurrenaren bueltan hala irakurri nion Josetxo Apezetxea irratiko lehendakariari: «Duela 40 urteko ilusio eta ametsek bere horretan segitzen dute, eta segi dezatela urte aunitzez». Eta horixe desio diet nik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.