Mirari Martiarena Iraola.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Esperimentua

2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Indalezio Bizkarrondo Ureña Bilintx Donostian jaio zela 190 urte bete dira. David Keith Lynch Montanan jaio zela, 75 urte. Bi sortzaileen artean 115 urteko aldea dago eta milaka kilometro. Baina irrati estudio batek elkartu ditu eta hauxe sortu dute: David Lynchek aurkezten ez duen zinema irratsaioa, zortziko txikian. Iaz hasi zuen ibilbidea saioak Naiz irratian eta hilean behin izaten da eurekin hitzordua. Gaur zabalduko dute maiatzeko saioa.

Orain arte saio bakar bat ere entzun gabe nengoen. Egia esan, zinema ez da nire indarguneetako bat, baina iritzi desberdinek eraman naute saioa entzutera. Bilynch irratsaioa egiten duten bi kiderekin egon naiz, eta baten iritziz: «Ez dakit oso ongi dagoen, oso guretzat egiten dugula iruditzen zait». Besteak: «Hizketan hasten gara eta batzuetan burua joaten zaigu». Egia esan, produktu bat saltzeko ez dira argudio onenak. Baina kasualitateak ere badaude mundu honetan eta joan zen astean Bilynch irratsaioaren fan bat ezagutu dut. Bere iritziz: «kristoren» saioa da, BERRIAn kritika bat merezi du.

Merezi edo ez erabakitzeko, saioa entzutea erabaki dut. Ez naiz ausartu irratsaio bakar bati kritika egitera eta ez litzateke justua izango. Horregatik entzun ditut bi. Esperimentu bat egin nahi izan dut. Egin zuten lehen saioa eta azkena entzun ditut. Agian ez da metodorik onena eta fidagarriena, baina esperimentuak horretarako daude.

Maite Bidarte, Beñat Iturriotz, Oskarbi Sein eta Mikel Zumeta dira Bilynch saioaren gidariak, aurkezleak, tertuliakideak. Saioa hasterako argi uzten dute ez dela bertso saio baina bertsotan arituko direla, zinemari buruzko saio bat dela eta spoilerrak egingo dituztela bat bestearen atzetik. Mamu harrapariak pelikularen kritika eginez hasi zuten ibilbidea, eta bakoitzak filmari buruz egindako sinopsiarekin galdu egin naiz. Nire logikaren barruan ez hanka, ez bururik gabeko sinopsiak egiten dituztelako. Baina gero konturatu naiz aurretik nuen susmoa egia zela: ez da zinemari buruzko ohiko saio bat.

Entzun dudan bigarren saioan, 5. elementua filma aletu dute eta nire buruko logika guztiak apurtutakoan barre asko egin dut, bereziki sinopsiekin.

Gustatzen zaienari buruz bezainbeste aritzen dira gustatzen ez zaienari buruz. Euren arteko gogoetak eta eztabaidak piztuz. Ez dakit Bilintx berpiztuko duten, ez dakit David Lynch azalduko den, baina gaurko saioa entzuteko irrikan nago. Zergatik? Kapitain Planet aipatuko duten ala ez jakin nahi dudalako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.