Lasaiago, baina beldurtuta

Indiako ozeanoan dabiltzan atunontziek ez dute piraten erasorik izan azken hiru urteetan. Baina arriskua egon badagoela ohartarazi dute armadoreek. Somalia egonkortu behar dela uste dute.

Bermeoko Alakrana atunontzia, armadako gerraontzi bat atzetik duela, askatu zuten egunean. EFE.
Ibai Maruri Bilbao.
2016ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Joan den hilean Bermeoko (Bizkaia) Txori Gorri atunontzian izaniko hilketak gaurkotu egin du Indiako ozeanoan arrantzan dabiltzan arrantzaleen segurtasunaren auzia. Itsasontziaren segurtasunaz arduratzen ziren bi zaintzaileen arteko tirabira batek eragin zuen tiroketa: zaindari batek tiro egin zion besteari, eta, gero, bere burua hil zuen. Oraingoan, izua ez dute garai bateko piratek sortu. Aspaldian ez da haien inguruko albisterik entzun.

Desagertu egin al dira? «Pirateria asko jaitsi da eskualdean. Seguruenik, piraten egitura ahulduta egongo da. Dena den, adi jarraitu behar da, delitu ekintza horien muinean Somaliak duen ezegonkortasuna delako, eta hori ez da aldatu». Erantzun hori eman dio Espainiako Defentsa Ministerioaren bozeramaile batek BERRIAk egindako galderari, posta elektroniko bidez bidalitako oharrean. Europako Batasunak martxan ipinitako Atalanta operazio militarrean partaide nagusietako bat da Espainiako Armada. 2009an sortu zuten, eta urtero operazioa luzatzea erabaki dute, arriskua ez dela gutxitu ikusita. Somaliako kostaldea nazioarteko uretatik eta airetik zaintzen dute, eta Indiako ozeanoan ere badabiltza gerraontziak.

Espainiako banderadun itsasontziek jasandako erasoen datuak eman dizkio Defentsa Ministerioak BERRIAri; tartean daude euskal atunontziak. 2009an iritsi ziren kopuru gorenera. Urte hartan bahitu zuten Bermeoko Etxebastar enpresaren Alakrana atunontzia. Urritik azarora bitartean, 47 egunez egon zen piraten esku, Espainiako Armadak erreskatatu zuen arte. Dena den, bermeotarrek aurretik ere bazekiten nortzuk ziren Somaliako piratak: 2008ko apirilean, sei egunez bahituta eduki zuten Playa de Bakio itsasontzia.

Operazioa martxan jarri zenetik, beherantz egin du eraso kopuruak: 45 zenbatu zituzten 2010ean; 24, 2011n. 2012an erruz apaldu ziren: zazpi gertatu ziren. 2013tik hona ez da eraso saiorik izan, eta aurten ere «lasai» hasi dute urtea. Ministerioaren esanetan, armadaren presentziak ez ezik, atunontzi eta kargaontzietan segurtasun pribatua ipini izanak ere lagundu du bilakaera horretan. «Horrek zaildu egiten die erasoek beti arrakasta izatea. Segurtasun neurririk gabe, beti lortzen zuten itsasontzia harrapatzea. Orain, ez zaie errentagarria hainbeste arrisku hartzea».

Zenbakietatik haratago, euskal armadoreek ere igarri dute aldea. Jakitun dira inguru arriskutsua dela, eta alde horretatik berdintsu jarraitzen dutela. Baina lasaiago daude. «Beti ezin gara kirioak dantzan ibili. Azkenean, beste edozein arazorekin bezala, ohitu egiten zara. Baina beldurtuta jarraitzen dugu. Badakigu edozein unetan gertatu daitekeela». ANABAC elkarteko kudeatzailea da Jose Pablo Rodriguez, Bermeon egoitza duen Espainiako Atunontzi Izozkailuen Armadoreen Elkartekoa.

Itsasoan barik, lehorrean

Haren ustetan, Somalia «huts egindako» estatua da; hori dago arazoaren oinarrian. «Hori konpontzen ez den bitartean, gure itsasontzien segurtasuna ez da bermatuta egongo. Somaliak berak lortu behar du piratarik ez egotea». Europako estatuek hartu dituzten neurriak ontzat jo ditu: «Piratak ohartu dira dagoeneko ez zaiela komeni horrelako arazoetan sartzea». Baina neurri horiek «adabaki» hutsak direla iruditzen zaio. Gainera, haren iritzian, helburua ez da izan arrantzaleen segurtasuna bermatzea. «Atalanta eta antzeko nazioarteko operazio militarrak Suezko kanaletik [Egipto] igarotzen diren kargaontzien segurtasunerako ipini dira martxan. Diru asko balio duen zama igarotzen da hortik, eta babestu egin behar da, piratek eskuratu aurretik».

BERRIA saiatu da atunontzietan dabiltzan arrantzaleekin berba egiten, baina ez dute gura izan. Rodriguezek esan du «seguruago» sentitzen direla. Zaintzaile bien arteko tiroketa «zorigaiztoko gertaera» izan dela nabarmendu du. «Ezin dugu kasu batetik arazo bat sortu». Espainiako Gobernuak 2009an baimendu zien armadoreei segurtasun pribatua kontratatzea. Harrezkero Segur Iberica enpresa arduratzen da: bere langileak daude zerbitzua kontratatuta duten itsasontzi guztietan. Erabiltzen dituzten armak militarrak dira, eta Espainiako Armada arduratzen da zaintzaile pribatu izango diren horiei entrenamendua eta prestakuntza ikastaroa emateaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.