Ezer ez da aldatu, oraingoz

Athleticek talde fidagarria izatea du xede. Horretarako, azken sasoietako erasoko gabeziak konpondu beharko ditu. Gaur, Bartzelonaren aurka ariko da, bigarren jardunaldian.

Marcelino Garcia Toral, Athleticek joan den astelehenean Elxen jokatutako partidan. MANUEL LORENZO / EFE.
haritz gallastegi
2021eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Bi urte bete berri dira Aritz Adurizek bere kirol ibilbideko azken gola sartu zuenetik. Athleticeko jarraitzaileek nekez ahaztuko dute gol hura. San Mamesen. Bartzelonaren kontra. Partidako azken minutuan eta erremate harrigarri bati esker. Egun hartan, Katedralak goia jo zuen. Eta, era berean, orduan hasi ziren azaleratzen talde zuri-gorriaren miseria guztiak. Adurizek aldakako arazo larriak zituen ordurako, eta bere kirol ibilbideari ezin izan zion eman gustatuko litzaiokeen amaiera. Taldeak erasorako erreferentzia nagusia galdu zuen. Eta golak sartzeko ardura zuenaren agurrarekin batera, izar nagusiaren argiaren itzalean zeuden gabeziak agertu dira.

Goi mailako golegile batek urrearen balioa dauka. Talde guztien lehentasuna da, eta estimu handia dute merkatuan. Gutxi daude, eta garestiak dira. Eta falta direnean, nabaritu egiten da. Athleticek ondo daki hori. Talde zuri-gorriari ikaragarri kostatzen zaio neurketak irabaztea. Iaz ez zen gai izan ligan bi garaipen erreskadan kateatzeko. Eta horrela ezinezkoa da goiko postuetan edo goiko postuetatik gertu egotea. Gaizka Garitano eta Marcelino Garcia Toral ez ziren kapaz izan talde fidagarria osatzeko.

Athleticen gorabeheren arrazoi nagusia erasoan dituen gabeziak dira. Golak egiteko ahalmena galdu du, eta ez dauka killer-rik. Gainerako talde gehienek baino aukera gehiago sortu behar ditu asmatzeko. Iñaki Williams ez baita Aritz Aduriz. Williamsek, ordea, dohain onak ditu. Taldeari asko ematen dio; bere abiadurari esker, aurkariaren defentsako lerroari metro batzuk atzerago eusteko gai da, eta horrek erraztu egiten du taldearen erasoko lana. Mugikortasun handiko futbolaria izanik, aukerak ematen dizkie taldekideei. Baina ate aurrean mugatua da. Erdiko aurrelari onek duten patxada falta zaio, eta, ondorioz, sarri askotan ezerezean gelditzen da aurrez egiten duen lana.

Gabezia horiek ikusita, bi aukera ditu taldeak: lehena da Williamsen inguruan jokatzen duten futbolarien erasoko ekarpena handitzea. Alde horretatik, Alex Berenguer fitxatzeak asko eman dio taldeari, baina ez da nahikoa izan. Beste aukera bat da Williams hegalera itzultzea eta beste futbolari bati ematea erreferentzia izateko ardura. Kontuak kontu, Athletic ez da kapaz izan Adurizen hutsunea betetzeko, eta ordaintzen ari da.

Talde zuri-gorriaren beste arazo bat sormenari dagokio. Kosta egiten zaio aurkarien armiarma sarea zulatzeko gai izango den jokoa sortzea. Marcelinok joko zuzenaren alde egin du. Pase gutxirekin kontrarioaren areara azkar iristea du xede. Nagusiaren esanetan, taldeak dituen ezaugarriei «ondoen» egokitzen zaien jokamoldea da. Baina Athletici kosta egiten zaio entrenatzaileak agindutakoa futbol zelaian gauzatzea. Elxeren kontrako lehen ordu laurdenean zuzen bete zuten hark agindutakoa, baina minutu gutxiko kontua izan zen. Etxeko taldeak azkar hartu zion neurria Athletici, eta lehoiak ez ziren kapaz izan arrisku eremuetara iristeko.

Bartzelonaren kontrako partidan (22:00, Movistar) litekeena da zuri-gorrien gabeziak gutxiago nabaritzea. Ronald Koemanen taldeak izango du ekimena, eta Marcelinoren taldea erosoago aritu ohi da halako partidetan. Kontua da Bartzelonaren kontra defentsako lanean nabarmendu beharko duela. Hori da, hain zuzen ere, Athleticek egun duen indargune nagusia. Erasoan duen ezina ikusita, defentsan indartsua da talde lehiakorra izateko. Muga asko izan arren, Athletic talde deserosoa baita aurkarientzat. Maila oneko atzelariak ditu, eta, gainera, talde guztiak erakusten du atea zaintzeko konpromisoa. Hortik bizi da Athletic.

Badirudi epe ertain eta luzera begira ere zutabe sendoak izango dituela arlo horretan nabarmentzeko. Izan ere, Kepa Agirrezabala eta Daniel Vivian izan dira denboraldiaurreko izen nagusiak. Hogei urteko atezainak partida gutxi behar izan ditu Ezkietari aurre hartu eta Unai Simon oporretara bidaltzeko. Murgiarrak, atseden hartu ostean, bere lekua berreskuratuko du hamaikakoan, baina ezin izango du lo hartu postuari eutsi gura badio. Vivian, berriz, urrats sendoak egiten ari da.

Jokalari lehiakorra da. Nekez galtzen du arreta. Unai Nuñezi aurrea hartu dio, eta Yerayk bere onena erakutsi beharko du Iñigo Martinezen bikotea izaten jarraitzeko. Biak ala biak hasieratik ariko dira Bartzelonaren kontra. Entrenatzaile zuri-gorriak defentsaren eskuin hegalean dauka zalantza bakarra. Ander Capa eta Alex Petxarroman min hartuta daude, eta Oscar De Marcosek kolpe bat dauka eskuin belaunean. Marcelinok azken unera arte itxarongo du Guardiakoa zelairatu dezakeen erabakitzeko. Ezin badu, Lekue ariko da hasieratik. Taldeak 10.000 zaleren bultzada izango du gaur. San Mames hutsik ikustea baino hobea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.