Hitzaurrea bezalakoa bada, ona

Gaur goizean ekingo diote ETE ligaren bigarren denboraldiari, Pasai Donibanen. 11 traineru ariko dira emakumezkoen lehiaketa honetan, eta hamazazpi estropadako egutegia osatu beharko dute. Prestaketako azken estropadetan berdintasun handia izan da talde askoren artean.
Martxoan Orion jokatutako jaitsiera. Irudian Deustuko trainerua ageri da. Benetako lehia gaur hasiko dute, ETE ligarekin.
Martxoan Orion jokatutako jaitsiera. Irudian Deustuko trainerua ageri da. Benetako lehia gaur hasiko dute, ETE ligarekin. JON URBE / FOKU

Aitor Manterola -

2019ko ekainak 15
Bigarren denboraldia ere beteko du emakumezkoen ETE ligak, eta bete ditzala askoz gehiago. Lehiaketari berezko lehiaren bereizgarria ezartzeko sortu zuten iaz, besteak beste: talde onenak Euskotren ligan aritu ziren, eta gainontzekoak beste liga honetan. Lehen denak batera ibiltzen ziren Gipuzkoako Liga izena zuen lehiaketan, eta Euskotren ligako taldeek besteei ateratzen zieten koska handiegia zen. Estropadak jokatu aurretik, kasik erabakita egoten zen zeinek irabaziko zuen, edo zeinek ez zuen izango irabazteko aukerarik. Iaztik, aukera zabaldu egin da, eta ikusi besterik ez dago zenbat taldek astindu zuten banderaren bat edo gehiago aurreneko ETE ligan. Horrek, bere horretan, motibazioa piztu du emakume arraunlariengan, eta iazkoari segida emateko prest dira.

Gaur ekingo diote lehiaketari, Pasai Donibanen (Gipuzkoa), 11:30ean. Erlojuaren aurka ariko dira hamaika traineruak, eta bi ziaboga eman beharko dituzte. Talde guztien maila ez da bera, jakina, baina asko dira goiko kosketan eserita egon nahi dutenak uda osoan. Ligako lehen bi sailkatuek Euskotren ligara igotzeko kanporaketa jokatuko dute irailaren 14an eta 15ean, goiko ligako azken sailkatuarekin eta Galiziako Ligatik etor daitezkeen beste bi talderekin batera. Ezinezkoa da bereiztea talde bat beste guztien artetik ETE ligan, ziurtzat jo daitekeena kanporaketan egongo dena. Berdintasuna iragartzen da eta iragarri dute prestaketako estropadek. Oso kontuan hartzekoa bezain adierazgarria da duela bi aste Ondarroan (Bizkaia) jokatu zen estropadako emaitza: lehen bederatzi taldeak 11 segundoan sailkatu ziren. Bederatzikote horretan daude Euskotren ligako Orio, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Hondarribia, eta horien jarduna aparte lagata, Tolosaldea izan zen ETE ligako azkarrena, hirugarren postuan. Kaiku izan zen bederatzigarren, eta bi taldeen artean zazpi segundo eta ETE ligako beste hiru talde sartu ziren: Hibaika, Deustu eta Zumaia.

«Nahiago nuke halako berdintasunik ez balego, eta gauzak argiago baleude», esan du Amaia Gezalak, Hibaikako arraunlari eta entrenatzaileak. «Gure nahia goian ibiltzea da, eta horretarako prestatu gara, baina ez gara bakarrak, beste hainbat talde ere gai direlako goi-goian ibiltzeko, azken estropadetan ikusi den bezala».

Beste alderdi batetik ere begiratu dio berdintasunari, eta hitz gozoak baino ez ditu Errenteriako taldearen arduradunak: «Horrelako liga bat beharrezkoa zela erakusten du parekotasunak. Begira zenbat talde gauden irabazteko hautagaien artean, eta lehen ez zen horrela izaten. Gauzak ondo egiten ari garela erakusten du». Estropada kopuruak ere aditzera ematen du lan handia eta emankorra dagoela liga honen atzean. Izan ere, hamazazpi estropadako egutegia dago aurreikusita, uztailaren 6ko eta 7ko jardunaldiak kolokan badaude ere oraindik. Gezalaren ustez, «ona da estropada asko izatea». Uztailaren hasierako hori jokatzen ez bada, hiru asteburutan izango dituzte estropadak larunbat eta igandez, eta hor beste eragile bat azalduko da: nekea, eta nekeari aurre egiteko aldaketak. Gezalari ez dio kezkarik sortzen horrek denak: «Ondo prestatu gara halako asteburuei aurre egiteko, eta aste horietan ere lan karga egokitu egingo dugu asteburuan fin egoteko».

San Juan, eraberrituta

Aldaketekin inolako komeriarik izango ez duen taldea San Juan da. Lehen bi asteburuetan ez, behintzat. Guruzne Azpiroz entrenatzaileak kontatu du zergatik: «Oriok utzi dizkigu zazpi gazte taldea osatzeko, baina nola ekainaren 22an eta 23an aulki mugikorreko Espainiako txapelketan izango diren Oriorekin, guk daukagunarekin moldatu beharko dugu. Hortaz, aldaketarik ia ez dugu egingo lehen hiru estropada hauetan».

Beste komeria bat gehiago da azken urteetan traineru onena izan den San Juanentzat. Justu-justu osatu dute taldea, eta Azpirozek garbi dauka zein duten helburua emaitzei dagokienez: «Erdiko multzoan ibiltzea da gure nahia». Gorago ere sailkatu izan da prestaketa garaian, baina ez da baleko erreferentzia: «Kadeteekin osatu genuen taldea estropada horietan, eta nola elkarrekin aritu garen entrenatzen, talde egina zen. Baina orain kadeteak ezin dira lehiatu, araudiak ez dielako uzten, eta nola Oriotik etorri diren gazteak gu laguntzera, taldea bateratzea falta zaigu oraindik arraunkerari dagokionez».

Etxean izango dute debuta, eta estreinako hori ez da soilik ligari dagokiona; arraunlari askorentzat traineruko lehen estropada ofiziala izango da: «Urduritasuna ondo kudeatu beharko dugu bi egun hauetan». Ikasgai ona izango da San Juan eraberrituarentzat: «Arraunlari onak datozkigu harrobitik, lehen aipatu ditudan kadete horiek adibidez, eta aurten trainerua uretan izatea eta txukun jardutea oso garrantzitsua da guretzat, datorren urtean gurekin egon ahal izateko pizgarria izango baita harrobiko horientzat».

Kaiku, ausart eta oldarkor

Taldea eta blokea batera ondo landua dutenetako bat Kaiku da. Iazko arraunlari multzo handi batek segitzen du aurten ere, eta hori sekulako bereizgarri ona da. Hala dio Ainhoa Zurinaga arraunlariak: «Elkar ondo ezagutzen dugu, iazko esperientzia oso baliagarria izan zitzaigulako, eta maila hobea eman nahi dugu». Banderaren bat lortzeko ametsa aipatu du: «Irrikaz gaude ligako bandera bat irabazteko».

Jakin badaki, ordea, ez dela erraza izango: «Oso talde onak daude, eta zirraragarria izango da lehia; berdintasun handikoa, ikusgarria».

Gezalak bezala, irabazteko aukera zabaldu izanari garrantzia eman dio: «Lehen, esate baterako, estropadetara joaten ginen jakinda zeinek irabaziko zuen, eta horrek, azkenean, pizgarria kenarazten zigun beste guztioi». Kaiku, beraz, irabazteko hautagaien artean ikusten du Zurinagak, eta izango dute aukera bandera preziatu hori irabazteko: «Estropada asko dira, eta aldaketak egin beharko ditugu taldean. Baina negu osoan aritu gara taldeko lanean, eta Kaikun ez dira aldaketak antzemango».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Aitor Manterola

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna