Bidea itxi, ilusioa pizteko

Athleticek defentsan egindako lan bikainari esker lortu du, bosgarren jardunaldia jokatuta, sailkapeneko lider izatea. Postua bezain garrantzitsua da taldeak erakutsi duen sendotasuna. Gaur bolada onari eutsi nahi dio Leganesen.

Athleticeko jokalariak, Alavesi sartutako lehen gola ospatzen. JAVIER ZORRILLA / EFE.
haritz gallastegi
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Dagoenean bonbon, ez dagoenean egon. Hala dio esaera zahar batek. Bada, bonbon dago Athletic, eta taldearen liga hasiera bikainarekin gozatzen jarraitzaile zuri-gorriak. Mende laurden pasatu da Athletic bosgarren jardunaldia jokatuta lehen postuan egon zen azken alditik. Helburua ahalik eta emaitza onenak lortzea dela jakinda, orain arteko puntuak lortutako erak asebete ditu zaleak. Hau da, Athleticek bildu dituen 11 puntuak ondo merezitakoak izan dira. Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak eguneroko lanari eta zelaian erakutsitako eraginkortasunari esker lortu du zaleen artean ilusioa piztea. Zaleen begiek ez zuten dir-dir egiten denboraldi-aurrean. Izen handiko fitxaketak eskatzen ditu udak. Egun, berriz, indarra eta segurtasuna transmititzen duen talde bat ikusten dute San Mamesera joaten diren bakoitzean. Gozatzen ari dira. Taldeak dituen gabeziak ez dira oraindik azaleratu. Sasoi txarragoak etorriko dira, baina defentsan orain arte bezala funtzionatzen badu, errazagoa izango da aurrera egitea.

TALDEA, GARITANOREN ISPILU

Athleticen arrakastaren giltza Garitanok dauka. Entrenatzaileak itxuraldatu egin du taldea, bere egin du. Talde serioa, langilea eta saiatua da. Hau da, Garitanok futbolari eta entrenatzaile gisa erakutsi dituen dohainak ditu. Taldeak eta teknikariak elkarren beharra zuten elkarrekin hazteko. Entrenatzaileak lehen egunetik erakutsi du argi zuela zer zuen esku artean. Athleticek defentsan ondo moldatzen diren jokalari on gehiago ditu sormenean nabarmentzen direnak baino. Jokalari gutxi ditu teknikoki onak direnak edo gol sen aparta dutenak. Ondorioz, jokalariek askoz azkarrago barneratu dute Garitanoren mezua Eduardo Berizzorena baino. Errazago egokitu dira.

EMAITZA, BETI ALDE

Golik jaso ezean, ezinezkoa da galtzea. Athletici gol bakarra sartu diote ligako bost jardunaldietan. Getaferena izan da meritua. Ondorioz, Espainiako Ligan eta Europako txapelketa nagusietan gol gutxien jaso duen taldea da —Inter Milanek ere gol bakarra jaso du, baina lau partidatan—. Eta ez da kasualitatea. Athletic aspalditik da sendoa atzean. Horri esker, orain arte jokatutako partidetan ez da inoiz galtzen joan. Bada, lehiak parekatuta egon direnean, ondo moldatu da, eta bikain aritu da abantaila izan duenean. Athleticek ez dauka arazorik pauso bat atzera egin eta bere zelaiaren zatian defendatzeko. Oso ondo ari da moldatzen. Kontrarioak ez dira gai zulorik aurkitzeko. Sufritu barik zaintzen du atea. Unai Simonek oso lan gutxi izan du. Gainera, erasoan nabarmentzeko era ere balio dio. Lekua duenean azkar eta ondo jokatzen duen taldea da. Aukera asko ari da sortzen.

SAN MAMESEN, HEGAN

Athleticen emaitza bolada bikaina ezinezkoa izango litzateke etxekoen babesik gabe. Taldeak eta harmailak bat egin dute aurkariak ezerezean lagatzeko. San Mamesen jokatutako hiru partidetan harmailak ia beteta egon dira, eta oso beroa izan da giroa: Bartzelonaren kontra ia 48.000 lagun bildu ziren, Realaren kontra46.000 baino gehiago, eta Alavesen kontra 45.000 pasatxo. Garitanok taldearen ardura hartu zuenetik, Athleticek ez du etxean galdu ligan. Ia urtebete pasatu da. Emaitza onek ekartzen duten konfiantzari esker, erasoan gero eta gauza gehiago egiten duen taldea da. Hegaletatik sakonagoa da, eta aurreko denboraldian baino aukera gehiago sortzen du.

RAUL GARCIA, GOZO

Erdilari nafarra besokorik gabeko kapitaina da: agindu egiten du, nortasuna handia dauka, borrokalari nekaezina, eta gol sena dauka. Taldearen erasoko zama hartu du. Fisikoki oso indartsu dago, eta entrenatzailearen babes guztia dauka. Taldeak bizi duen egoera onaren isla da.

ETXETIK KANPO, ZAILTASUN GEHIEGI

Athleticen hasiera oso ona izan da, baina gabeziak ere baditu. Etxetik kanpo koska bat beherago dabil. Gaur, Butarquen ere kosta egingo zaio puntuak lortzea. Leganesek puntu bakarra eskuratu du, baina ondo landutako taldea da. Aurreko sasoian, azken postuan zegoela bisitatu zuen Bartzelonak Butarque, eta etxeko taldeak irabazi egin zuen. Beraz, hankak lurrean dituela hobetzea du xede Athleticek. Hala ere, erakusten ari denarekin gozatzeko eskubidea ere badu. Aritz Aduriz ez da ariko, gainkarga bat baitu.

LEGANES-ATHLETIC

Leganes. Cuellar; Rosales, Bustinza, Omeruo, Siovas, Jonathan Silva; Ruben Perez, Recio, Oscar Rodriguez; Braithwaite etaEn-Nesyri.

Athletic. Unai Simon; Capa, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Beñat; Ibai, Raul Garcia, Cordoba; eta Williams.

Epailea. Gonzalez Gonzalez.

Lekua. Butarque (12.450 ikusle).

Ordua. 19:00etan (La Liga2).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.